Domekan, 08:30etik 09:30era bitartean izango da Kontrargiren XXXII. Argazki Rallyrako izen-ematea, elkartearen egoitzan -Etxaburueta kalea, 3-.
Behin hori eginda, argazkietarako gaiak jakinarazi eta argazkilariak lanean hasiko dira, herriko txokoetan argazkiak ateraz. 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute Txoko kafetegian eta ondoren, 13:00etatik 14:00ak bitartean deskargatuko dituzte egindako argazkiak, Kontrargiren ordenagailuan.
Abenduaren 11n sari banaketa
Egindako argazkien aukeraketari dagokionez, azaroaren 28rako bidali behar dira norberak aukeratutakoak, posta elektronikoz kontrargi@hotmail.es helbidera eta epaimahaiak abenduaren 11n, 17:00etan jakiaraziko du erabakia.
Bost sari banatuko dituzte:
- 120 euro lehen multzorik onenarendako
- 90 euro bigarren multzorik onenarendako
- 70 euro hirugarren multzorik onenarendako
- 70 euro herriko onenarendako
- 50 eurotako bonua eta saria gazte onenarendako (16 urtera arte)
2019an azkena
Iaz, ez zen argazki rallyrik egin, pandemia dela-eta. 2019an,berriz, Bergarako Jose Luis Feo argazkilariak irabazi zuen lehen saria, bigarrena Javier Quiros beasaindarrak eta hirugarrena Jose Angel Amutxastegi donostiarrak. Herriko onena, berriz, Carlos de Cos izan zen.