Elkarte gastronomikoei deia birzikla dezaten

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 17a, 09:10

Allegro elkarteko Jon Beristain mankomunitateak emandako amantala erakusten, joan den astean.

Elkarte gastronomikoetan birziklapena bultzatzeko kanpainan zailtasunak izan ditu Debabarreneko Mankomunitateak, haiekin guztiekin ezin izan baita harremanetan jarri. Hori dela-eta, bisiten bigarren txanda egingo du eta dei egin die elkarteei mankomunitatearekin harremanetan jar daitezen. Joan den astean, adibidez, Allegro elkartea bisitatzen izan ziren eta baliabide berriak eskaini zizkieten elkartekoei.

Azaroaren 4an, eskualdeko 128 elkarte bertatik bertara bisitatzen hasi zen Debabarreneko Mankomunitateko teknikaria. Eskualdeko elkarteetan hondakin kopuru handia sortzen dela jakinean, kanpaina horren helburua da elkarteek birziklatzea handitu dezaten baliabideak ematea.

Allegrora bisita

Adibidez, joan den astean Allegro elkartea bisitatu zuen teknikariak. Elkarteko ordezkariek erakutsi zioten hondakinen sailkako bilketa zelan egiten duten. Ikusitako horretan oinarrituta, mankomunitateko ordezkariak birziklatzea errazteko eta hobetzeko aholkuak eta baliabideak eskaini zizkien. Adibidez, organikoa batzeko ontzi handiagoa eta papera eta kartoia batzeko ontzi aproposagoa. Allegrokoek onartu egin zuten eskaintza eta datozen egunotan birziklapenerako baliabide berriak eskuratuko dituzte.  

Mankomunitateak gauza bera egin nahi du eskualdeko 128 elkarteetan. Azaroaren 4an hasi zen horretan eta gutun bitartez eman zieten asmoen berri elkarteei. Baina, ez du lortu guztiekin zuzenean harremanetan jartzerik eta hori dela-eta, erabaki du datorren astean bisiten bigarren txandari ekitea.

Ildo beretik, harremanetan jartzea lortu ez duten elkarteei mankomunitateak dei egin die, mezu bidez edo telefonoz, erakundearekin kontaktatzeko bisitak hitzartzeko: 620 56 85 97 edo adur@vermican.com