Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eguerdiko prentsaurrekoan esplikatu duenez, Jaurlaritzak hiru neurri osagarri ikusten ditu beharrezko:
1- Urriaren 6ko aginduan aurreikusitako prebentzio-neurriak betetzen direla bermatu ezin duten jarduera guztiak bertan behera uztea edo aldi baterako atzeratzea, jarduera horien eremua edozein dela ere, batik bat, jan-edanekin lotura duten jarduerak. Urriaren 6ko aginduk zioen batetik, eutsi egingo zaiola espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan %80-eko mugari eta bestetik, indarrean jarraituko duela barnealdeetan maskara erabili beharrak eta baita ere kanpoaldeetan, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean.
2- Egiten diren ekitaldietan prebentzio neurriak indartzea:
- Espazioa handitzea jende-pilaketak aurreikusten badira.
- Pasabideak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.
- Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea.
- Ahal denean, kanpoan antolatu jarduerak.
3- Aurrerantzean, Osasun Sailak astean bitan (astelehenetan eta ostegunetan) bidaliko du buletin epidemiologikoa. Horrek udalerrien egoera ezagutzeko, udalen lana errazteko eta herritarrak pandemiaren bilakaeran duten inplikazioaz kontzientziatzeko balioko du.
Neurri horiek Osasun sailburuak sinatutako agindu batean jasoko dira, eta bihar, asteazkena, azaroaren 17an argitaratu eta indarrean jarriko da.
Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatuko dio EAEko Auzitegi Nagusiari jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko, 12 urtetik gorakoentzat, honako toki hauetan: gaueko aisialdiko establezimenduetan, musika- eta dantza-jarduerak egiten diren establezimendu edo lekuetan (kontzertuak, adibidez) edo baimendutako talde handiek aldi berean bat egin dezaketen jatetxeetan.