Euskal Danbolinaren Aroak diskoan, Piter Ansorenak eta Joserra Senperenak, “soiltasun handiz, doinuen muinera ailegatzen dira, bere esentzia puruena eta pianoaren lirismo leun eta goxoaren urruman ia arrotza zaigun edertasun txundigarriaz azalarazten”.
12 pieza
Halaxe deskribatu dute 12 piezaz osatutako Euskal Danbolinaren Aroak, “1827ko dantzarako soinuak, ilustrazio garaiko pieza sofistikatuak, karlistaden garaiko jai girorako moldaketak, euskal tradizio eta moral erlijiosoari lotutako doinu kastoak eta egungo esperimentazio freskagarriak”.
Danbolina deitu izan zaio mendeetan esku bakarrez jotzen den txilibituak eta beste eskuaz astintzen den danbortxoak osatzen duten tresna bikoteari. XII. mendean Europako txoko ezezagun batean asmatu eta berehala inguruko herrialdeetara hedatutako tresna da. Ehunka urte horietan arrakasta eta ospe handienaren gozamena eta era berean, ahanztura eta desprezio artistiko latzena jasan izan ditu.