Euskarazko komunikazioan diharduten 100 profesional elkartuko dira Arrasaten, barixakuan

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko aza. 11a, 12:41

2019an 'Debagoiena eraldatzen' ikus-entzunezkoa saritu zuten.

Tokikom Sariak banatuko dira hilaren 12an, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, eta horrekin batera, Komunitatea Josten jardunaldiak egingo dituzte. Dagoeneko 100 dira izena eman duten euskarazko komunikazioaren alorreko langileak (tartean Pil-pileaneko komunikazio saileko hirurak).

Tokikom Sariak

76 toki komunikabide (tartean, Pil-pilean) batzen dituen Tokikom taldeak Tokikom Sariak sortu zituen duela 6 urte, euskarazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko xedez. Urtero bezala, urtean zehar euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako azalik onena, edukirik onena eta ikus entzunezkorik onenaren saria banatuko dira ostiraleko ekitaldian, eta gainera publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria ere bai. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute.

'Komunitatea josten' jardunaldia

Sariek batzeko ematen duten aitzakia probestuz, Tokikomek jardunaldi bat ere antolatu du, euskarazko komunikabideetako profesionalei zuzendutakoa. Komunitatea josten izenburuarekin, tamaina ezberdinetako komunikabideen zein komunikabide horien eta haien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko dituzte, nazioarteko adituen eskutik.

Jardunaldietan izena emateko aukera azaroaren 10ean itxiko da, eta, Tokikomen webgunetik egin daiteke.