Ezkurrak batu, erein eta ernatzen direnak zainduko dituzte zuhaitz gazte bihur daitezen

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 10a, 18:23

Atzo, martitzena, Plaentxi Eskolako LHko 2. mailako umeek ezkur bilketa egin zuten, Ezozibideko parke ondoko hariztian, Soraluzeko Baso Biziak elkarteak eta Plaentxia Eskolak elkarlanean landuko duten proiektuaren baitan. Orain, ezkur horiek eskolan landatu eta zaindu egingo dituzte, "eskolan bertan ernatzen ikusiko dituzten zuhaitz horiek noizbait baso izatera helduko diren esperantzaz". Asmoa da, datorren neguan, zuhaitz gazte horiek bidegorriko lursail batean landatzea. Argazkiak: Irati Trebiño.

Atzo, Plaentxi Eskolako 40 bat umek parte hartu zuen Soraluzeko Baso Biziak elkarteak bultzatutako ezkur bilketan. Elkarteko kide Irati Trebiñoren gidaritzapean batu zituzten ezkurrak. 

Trebiñok esplikatu duenez, orain, ezkurren artean aukeraketa egin eta egokiak erein egingo dituzte eskolan. “Zientziako proiektu bat bailitzan, ezkurren aukeraketa egin, batzuk lurrean, tetrabriketan sartu eta beste batzuk umeldutako paperetan batu eta umeek ikusiko dute zelan ernatzen diren. Asmoa da behin ernatuta, eskolako bankaletako batean sartzea, umeek prozesu guztia ikus dezaten”.

Lursail batean landatu

Proiektua borobiltzeko, datorren urteko neguan, eskolan hazitako zuhaixka horiek landatu egingo dituzte Soraluzeko Baso Biziak elkarteak bidegorrian zaintza akordioan duen lursail batean. “Ekimen honek haurrak naturara hurbiltzeaz gain inguruko zuhaitzak ezagutu, eta hauen garrantziaz jabetzeko aukera eskaintzen die. Eskolan bertan ernatzen ikusiko dituzten zuhaitz horiek noizbait baso izatera helduko diren esperantzaz; ereiten duenak jasotzen baitu uzta!”, gaineratu du Trebiñok.