Espainiako Gobernua pentsioen erreforma lantzen ari den honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik salatu dute “pentsioak eta soldatak murrizten dituzten erreformak indargabetu gabe” daudela oraindik, eta pentsioen kasuan, “Gobernuaren lege-proiektuak murrizketa gehiago aurreikusten” dituela.
Gehien duenari mesede
Halaber, salatu dute “gobernuek gehien dutenei mesede egiten dieten zerga-politikak ezartzen dituzten bitartean”, zerbitzu publikoak “murriztu” egiten dituztela, “batez ere osasun-eta soziosanitario arloetan, eta oinarrizko zerbitzuen (energia eta bankuen) prezioen igoera eskaintzen eta ahalbidetzen dute, energiaren eta finantzen oligopolioek milaka milioi euro banatzen jarrai dezaten beren akziodunen artean".
Horregatik deitu dituzte zapatuko mobilizazioak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatuen eta kolektiboan babesarekin: ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Bilgune Feminista, Ernai, CNT, CGT… Pentsiodunen mugimenduen aldarrikapen nagusiak kaleratuko dituzte, beste behin.
Aldarrikapenak
Haien artean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea, gutxieneko pentsioa igotzea, batez besteko soldataren %60ko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) berdindu arte; 40 urte kotizatu duten pentsioak inolako zigorrik ez ezartzea; neurri eraginkorrak aplikatzea generoen arteko aldeaz bukatzeko bai soldatetan eta baita pentsioetan ere.
Zapatuko mobilizazioetarako deialdia orokorra izan arren, emakume guztiei dei berezia helarazi diete, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeen batzar nazionalak horrela adostuta, azaroaren 5ean. “Pentsiodunen eskubideen aldeko borrokan aurrera jarraitzeko arrakasta, emozioa eta ilusioa oso pozgarriak izan ziren emakume guztientzat”, azpimarratu dute.
“Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio,soldata duinak eta zerbitzu publiko unibertsalak defendatu”, aldarrikatu dute.
Soraluzen, atzo, ia 40 lagunek babestu zuten asteleheneroko elkarretaratzea.