Ibai Kortabarria, zezenzale amorratua

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 6a, 09:01

Ibai Kortabarria zezenaren aurrean. Argazkiak: Paski, Toriviciao.com

Herririk herri, jairik jai ibiltzen da Ibai Kortabarria ahal duen guztietan. Ez, ordea, parranda egiteko asmoarekin, baizik eta zezenetan ibiltzea pasio duelako. Urrian, Lodosako sokamuturrean eta Tafallako entzierroan izan da, azaroan Valentziako Chiva herriko sokamuturrera doa Bergarako Zezenak elkartekoekin asteburupasa, eta, abenduan, berriz, Madrilera, Estatuko hainbat zezenzalek urtero egiten duten topaketara.

"Whatsapp talde bat dugu Estatuko lagun talde batena -Madril, Valentzia, Extremadura, Euskadi, Nafarroa…-. Zezenetan, gehienetan, pertsona berak ibiltzen gara hainbat herritan eta poliki-poliki harremana egiten goaz. Ordu eta momentu txar asko pasatzen dugu elkarrekin eta zenbat eta laguntasun edo harreman hobea izan, zerbait pasatzen zaizun egunean, jendea gertu duzu, laguntzeko prest. Dena den, egia esan, afizio honek duen politena bata bestearekiko dugun elkartasuna edo laguntzeko grina da, inori ezer txarrik ez pasatzeko, ez guri ezta animaliari ere. Jendea beti dago laguntzeko prest", azaldu du. 

Arriskua beti

Ukaezina baita zezenekin "jolastea" arriskutsua dela, Kortabarriak berak onartzen du hori horrela dela: "Zezenen ibilbidean sartzen zaren momentutik bertatik da arriskutsua. Zezena ibili ahal den lekuan baldin bazaude, arriskuan zaude. Arriskua gehitu eta gutxitu egiten da distantziaren arabera. Gu bezala, asko gerturatuz gero, arrisku handiagoa duzu, urrintxo dabilenak gutxiago. Baina arriskua beti dago". 

Konortea galduta, ospitalera

Soraluzetarrak zuzen-zuzenean pairatu ditu arrisku horren ondorioak, behin baino gehiagotan, gainera. Larrienak orain dela sei urte izan ziren. Urte berean, bi aldiz harrapatu zuen zezenak, bata Deban eta bestea Bergaran, lurrean labandu ondoren, eta, ospitalean bukatu zuen konorte barik. "Dena ondo irten zen, baina…", dio. 

Larritasun gutxiagorekin, baina sustoak ere ugari izan ditu: "Ia zezenetan ibiltzen zaren bakoitzean. Handiak, txikiak… denetik". Eta beldurra ere pasatu du, beldurra baino, errespetua, bere hitzetan: "Entzierro batean, adibidez, beldurra pasatzen duzu ez dakizulako zelan etorriko diren animaliak, banaka, denak batera, denak zuzen… Beldurra baino gehiago errespetua da. Egiten den jai horrekiko eta, hein handienean, animaliarekiko. Azkenean, hori ez badago, halako jairik ez zen egongo".

Kortabarriak onartu du, baita ere, zezenzaleen gertukoendako gogorra dela zaletasun hori, sufritu egiten dutelako: "Etxean, askotan, gehiegi sufritzen dute. Beti saiatzen gara ez sufriarazten, baina animalia horrekin ez dakizu ze gertatuko den,.Etxe askotan sustoak tokatzen dira, baina, oraingoz, ez dugu izan ezer larririk". 

Adrenalina purua

Kolpeak, beldurrak eta etxekoen sufrimendua hortxe izan arren, erre ke erre segitzen du soraluzetarrak zezenekin jolasean. "Adrenalina erretzeko aukera" ematen dio zezenekiko zaletasun horrek eta "barru-barruan" du errotuta. "Barrutik datorren afizioak eta gogoak ez dit lagatzen zezenekin ibiltzeari lagatzen. Sustoekin, asko aldatzen du zezenekin zaudenean duzun jarrera eta animaliarengana zenbateraino gerturatzen zaren baldintzatzen du.

Segurtasun ezak sartzen zaizkizu berriro konfiantza hartu arte, batzuetan kosta egiten da, batzuei gehiago, beste batzuei gutxiago. Askotan nire buruhausteak eta nire buruko minak izaten ditut, baina afizioa barrutik irtendakoa bada eta hori maite baduzu, lehenago edo beranduago bueltatuko zara. Nire kasuan, nire afizioa animaliak eta zezenak dira, nire adrenalina horrekin botatzen dut. Kotxeak gustatzen zaizkiona kotxe-karreretan ibiliko da. Bakoitzak bere zaletasunak dauzka eta saiatzen da gustatzen zaiona egiten. Pandemiarik ez zegoenean ahal zen herri guztietara joaten ginen zezenetan ibiltzera, goizean, eguerdian, arratsaldean, gauean… ahal zen guztietan".  

Ganadutegiak ere afizioz

Pandemiaren gaia aterata, Kortabarriak aitortu du luze egin zaiola azken urte eta erdia, ezin izan delako zezenetan ibili aurtengo ikasturte hasierara arte. Baina batez ere, ganadutegien grina goraipatu du, "denek demaseko lana" egin baitute ganadutegiak eusten. Kortabarriak bezala, Euskal Herriko ganadutegiek, behintzat, afizioz eusten baitiote zezenak hazteari, soldata beste jarduera batzuetatik aterata. "Nahikoa meritu dute horri guztiari eusten, denbora guzti honetan dirurik eman ez duenean. Laguntzak lortu dituztenek hobeto, noski. Izan ere, Euskal Herrian ez da inor bizi ganadutegitik, ez Bergarakoa, ez Mutrikukoa, ez Itziarkoa… Ganadutegi horietako jabe bakoitzak beste lanbide bat dauka etxera soldata eramateko, kamioilari, garraiolari, igeltsero… dira". 

Bergarako Zezenakeko kide

Kortabarria bera ere bada ganadutegi horietako bateko kide: Bergarako Zezenak. Kide izateak esan nahi du ganadutegi horretan laguntzen jarduten duela soraluzetarrak. Kontatu duenez, 2011az geroztik dihardu eta denetik egiten du: "2011n Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almortza ezagutu nuen eta behin laguntzera joateko eskatu zidan ikusten zuelako horretarako gauza banintzela. Bazekien bizitza guztia animalia artean ibilitakoa nintzela eta horregatik, mundu guztiak ez daki zezenekin ibiltzen. 2011tik hona, poliki-poliki joan gara harremana estutzen, egunero bertan egoteraino. Zezenei jaten eman, albaitaria badator lagundu, jaietara doazenean taldetxo bat horretan ibiltzen gara. Sei bat izango gara, lau bat konstateagoak eta besteak maiztasun txikiagoarekin. Iñigo Almortzari eta Bergarako Zezenak taldeko kide askori esker ikasi ditut gauza asko eta, orain, gauza asko eurek erakutsita eta eurek emandako konfiantzari esker egiten ditut".

Euskal Zezenzaleen Elkarteko kidea ere bada soraluzetarra eta errekortadore ere ibiltzen da.    

Etorkizunean, auskalo

Ildo beretik, afizioaz aparte, Kortabarriari berari ere ofizioa zezenekin lotutakoa izatea pasatu izan zaio burutik, berez, Desatascos Laster enpresan lan egiten baitu gaur egun. Baina gaitza ikusten du ganadutegi bat sortu eta hortik bizitzea, lan handia delako, egunerokotasuna eskatzen duelako, baita  lantalde oso bat ondoan izatea ere, negozioaren balizko errentagarritasunaz aparte. Hala ere, etorkizuna libre lagatzen du: "Auskako! Igual bai, igual ez, ez dakit. Baina hemendik aurrera, nire buruan, behintzat, baserrira joatea eta etxean animalia batzuk izatea beti dabil bueltaka; ze animalia izango diren? Ikusiko dugu, burutuko dugun edo ez ere ikusiko dugu".  

Hobe lagunekin

Jakina, bien bitartean, zezenekin "jolasean" segituko du Ibai Kortabarriak. Aukeran, hobe lagunekin, herrikide duen Gorka Santamariarekin, adibidez edo Bergarako Zezenak ganadutegikoekin, "zerbait gertatzen bada ere, lagunduta zoazelako eta noski, gastuak gutxitzeko, pentsatu, autoan hiru ordu egin behar badituzu edo Valentziara joateko 7 ordu… Ni behintzat, urrutirago ez naiz joan".

Hala ere, gertuko zezen jaietan ibiltzea du gustukoen, batik bat, herriko jaietan, horixe da berarendako urteko hitzordurik inportanteena: "Herrian delako. Herriko jende askok zoriontzen gaitu zezenetan ibiltzen garenok, guk dugun afizio edo balentria hori jende askok apreziatu eta eskertu egiten du. Bergaran ibiltzea ere gustatzen zait. Chivan… Herri asko daude". 

Sanferminetakoa desberdina

Horien artean, Iruñea ere badago, noski, Sanferminetara ere joaten baita Kortabarria, nahiz eta hango entzierroa besteekiko desberdina dela onartu: "Sanferminetakoa momentu oso bizkorra da eta ez dago zure esku, ezta animalien esku ere. Inguruko jendearen esku daude gauza asko eta horrek deskonfiantza sortzen dizu, baina aldi berean indarra ematen dizu esateko joan egin behar naiz, probatu egin behar dut… eta azkenean gustatu egiten zaizu eta behin ondo ibili bazara pentsatzen duzu, berriro ere joango naiz ea ondo nabilen eta txarto banabil, ba ea hobetzen dudan. Azkenean, beti dago aitzakiaren bat joateko. Egia esan, Sanferminetan ere sustotxoren bat izanda daukagu, baina ondoriorik gabe".

Herriari zor

Ibai Kortabarriak Soraluzeri zor dio zezenekiko zaletasun indartsu hori, "txiki-txikitatik" izan duena. Ibili ere, estrainekoz herrian ibili zen zezenetan: "Txikitatik beti ezagutu dut zezena San Andres auzoan, Ezozi auzoan, San Martzialen ere bai, kalean…. Baserrian egun guztia animali artean ibiltzeak txarrik ez dit egin eta asko lagundu dit animalia horren inguruan asko ezagutzeko". 

Jaietako zezena gustuko

Bestalde, zezenak horrenbeste maite dituen pertsona bati zezenketei buruz ere galdetu behar; galdetu zaio baita ere non dagoen aisialdiaren eta tratu txarren artean muga. Kortabarriak aitortu du berak kaleko zezena (jaietakoa) duela "benetan" gustuko, baina gaineratu du zezenketak ez direla bere disgustukoak. Halaber, uste du tratu txarra dagoela "plazan dabilenaren eskura" eta ez du partekatzen zezenketekiko egiten den irakurketa. "Nik beti honakoa esaten dut: esaten dute hiltzen garenean animalia baten berraragiztatzen garela, nik beti esan dut animalia bat izatekotan, zezena nahiko nukeela izan, Euskal Herrian erabiltzen diren zezen horietako bat. Barru-barrutik ikusi dut euren bizitza. Egunero bizi izan naiz euren ondoan. Badakit zelan bizi diren. Esaten dute beti, zezenak jo egiten du eta harrapatu, baina zezenak bere puntu onak ere baditu. Nire kasuan, adibidez, animalia horrekiko ezjakintasun horrek erakarri egiten nau, izan ere, zaila da jakitea nondik aterako den, baita mendian dagoenean ere. Zezenkumeren bat baldin badu edo zerbaitengatik erasotua sentitzen bada, zezenak eraso egingo du, baita mendian ere. Baina egunero eurekin baldin bazaude ezagutzen dituzu, egunero zezenekin dabilenak badaki noiz eta nora arte gerturatu daitekeen". 

Hemengoa, Betizua

Ildo beretik, gogora ekarri du zenbait zezen arrazek bizirauten dutela jaietan-eta ibiltzen direlako. Euskal Herriko kasuan, Betizu arraza aipatu du. "Urte asko dira hemengo arraza dagoena, Betizua. Gainera, igarri egiten zaio urte asko dituen arraza dela. Iparralde-Pirinio partera eta beherantz, berriz, gehiago sartzen da Casta Navarra. Mota horretako zezen arrazak mantentzeko bidea hori da. Izan ere, behi horiek ez dute okela askorik izaten. Gehiago hazten dira atleta moduan. Azken batean, korrika egiteko eta forman egoteko ezin da oso handia izan, dieta ere asko zaintzen zaie… "

Eskerrona

Elkarrizketa bukatu aurretik, eskerron mezua helarazi nahi du soraluzetar zezenzaleak: "Eskerrak eman Bergarako Zezenak taldeko kide guztiei, batez ere Iñigo Almortzari eta Blas Cruzi, egunero eta momentu askotan ondoan egotearren, afizio honen parterik handiena erakustearren eta afizio hau bizitzeko aukera ematearren, baita animalia hau ezagutzeko aukera ematearren ere".