10.000 euro, laguntza bonotarako

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 5a, 18:09

Krisi ekonomikoaren ondorioak arintzen laguntzeko, Udalak 50 eta 100 euroko laguntza bonuak jarriko ditu herritarren eskura. 50 eurokoak izango dira gizarte-laguntzak jasotzen dituzten pertsonentzat eta familientzat eta 100 eurokoak pentsiodunentzat, langileentzat, langabezian daudenentzat edo laguntza ekonomikorik gabekoentzat. Eskaera-inprimakiak azaroaren 15etik 22ra bitartean eska daitezke eta dokumentazioa, berriz, azaroaren 23tik 26ra entregatu behar da. Guztira, 10.000 euro bideratuko dira bonuetara. 

Bonuak eskatzeko, gutxienez urtebetez Soraluzen erroldatuta egon beharko da eta diru-sarrera jakin batetik beherako zenbateko gordina eskuratu. Gastatu, berriz, bonuak herriko saltokietan gastatu beharko dira. 

Osasun, Gizarte Ongizate eta Inmigrazio Saileko lehendakari Patricia Borinagak azaldu duenez, “egungo testuinguru ekonomikoan, gure udalerriko pertsona eta familia askori  (…) gero eta zailagoa zaie beren oinarrizko premiei aurre egitea”. Horregatik, “beharrezko” ikusten da “ahalegin berezia egitea kolektibo ahulenak eta babesgabeenak babesteko”. 

Eskaera-inprimakiak azaroaren 15etik 22ra bitartean eska daitezke udaletxeko harreran eta dokumentazioa, berriz, azaroaren 23tik 26ra entregatu behar da udaletxeko harrera bulegoan edo posta elektronikoz, gizarte@soraluze.eus edo gizartezer@soraluze.eus helbideetako batera. 

Guztira, 10.000 euro bideratuko dituzte laguntzetara eta kopuru hori agortu arte onartuko ditu eskaerak Soraluzeko Udalak.