Elkarte gastronomikoetan birziklapena handitzeko kanpaina abiarazi dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 4a, 12:05

Iosu Arraiz mankomunitateko presidentea erakundearen egoitzan, kanpainaren mantala eskuetan duela.

Eskualdeko elkarte gastronomikoei zuzendutako kanpaina abiarazi du Debabarreneko Mankomunitateak, haiek birziklapena handitu dezaten. Elkarteei zuzeneko bisitak egingo dizkiete. Helburua da elkarteek duten beharren berri jaso eta baliabideak eskaintzea. Soraluzen dagoeneko bisitatu dituzte hainbat elkarte. Bestalde, sukaldeko mantalak ere banatuko dituzte elkarte guztietan. 

Datozen asteotan, Debabarrenean dauden 130 elkarte gastronomikoak bisitatuko dituzte mankomunitateko teknikariek. Dagoeneko hasi dira horretan eta Soraluzen egon dira hainbat elkartetan. 

Zuzeneko bisita horien bitartez, hondakinen birziklapenerako elkarteen beharren berri jaso nahi dute, ondoren baliabideak emateko. 

Pandemiaren ondoren elkarteak berriro ere zabalik daudela kontuan hartuta eta haietan sortzen den hondakin kopurua handia dela jakinda erabaki du mankomunitateak elkarteei zuzendutako kanpaina egitea, azaroan. 

Bestalde, kanpaina horrekin lotutako mezua duten sukaldeko mantalak ere banatuko ditu mankomunitateak elkarteetan.  

Irailean, daturik onena

Gaur goizean, eguena, egin du kanpaina aurkezteko prentsaurrekoa Iosu Arraiz Debanarreneko Mankomunitateko presidenteak. Hark azpimarratu du mankomunitateak “irmoki” segitzen duela eskualdeko gaikako bilketa bultzatzeko urratsak ematen eta jakinarazi du iraileko gaikako bilketaren datua izan dela mankomunitateak “inoiz lortu duen daturik onena”, %56,7. Hala ere, gogorarazi du oraindik badagoela zeregina 2030erako lortu beharreko %70eko tasara iristeko eta bide horretan segituko dutela.