2020-2021eko jardunean Udalak egindako eta egin ez dituen lanen berri eman ondoren, baserritarrei hitza eman zieten Iker Aldazabal alkateak eta Ramon Gallastegi Ingurumen eta landa garapeneko zinegotziak eta Debemeneko kudeatzaile Agurtzane Etxanizek, baserritarren eskariak jaso eta entzundakoaren arabera lehentasunak zehazteko.
Baserri-bideak eta ubideak
Oro har, baserritar gehienek urtero errepikatzen dituzten eskariak egin zituzten: baserri-bideak konpontzea edo haietan hobekuntzak egitea (biondak ipini, zuloak tapatu…) eta urteroko erantzuna eskuratu zuten, ez dagoela dirurik nahi beste konponketa egiteko eta entzundakoen arabera lehentasunak finkatuko dituela Udalak, zein lan egin dezakeen erabakitzeko. Hainbatek etsipena partekatu zuten, hainbestetan egindako eskariendako erantzunik ez jasotzearren.
Betalde, sastraka-garbiketak egin ondoren trabatuta gelditzen diren landa-bideetako ubideak garbitzeko eskari orokortuaren aurrean, Agurtzane Etxaniz Debemeneko kudeatzaileak erantzun zuen, gaur gaurkoz, ez dagoela modurik sastraka-garbitzea eta ubideak garbitzea batera egiteko, ez baitago baliabiderik.
Postontziak
Gai horiez aparte, baserritarren postontziak ere berbagai izan ziren joan den egueneko batzarrean, haiek berritzeko asmoa du-eta Udalak. Alkateak jakinarazi zien helburua dela orain dauden lekuan ipintzea berriak (lehenagoko Elkartegiaren sarreran) baina oraingoz, ez dutela hori egin ahal izateko dirulaguntzarik jaso.
Gai horrekiko hainbat desadostasun mahai-gaineratu zituzten landa-guneko bizilagunek; besteak beste, esan zuten kokagune horrek ez duela irisgarritasun araurik betetzen. Udal ordezkariek erantzun zuten bestelako balizko kokalekuren baten proposamenen bat balego, haiek entzuteko gertu daudela.
Dolmenen Ibilbidea
Bestalde, hizpide izan zen, baita ere, Udala mendian egiten ari den baso landaketa zein Dolmenen Ibilbidea. Adibidez, alkateak jakinarazi zuen bertako 900 zuhaitz landatu behar dituztela Askabeittin. Dolmenen Ibilbideari buruz, berriz, jakinarazi zuen hango seinaleztatze-lanak eta mahaiak ipintzeko lanak bukatuta daudela eta aurten Aizpuruko-Zabalako indusketak bukatu direla.
Banda zabala baserri guztietara
Eta bestelakoen artean, hizpide izan zen, baita ere, Interneteko banda zabala baserrietaraino eramateko proiektua. Alkateak jakinarazi zuenez, lehen faseko tramitazioa eginda dagoela baina oraindik ez dakitela noiz hasiko diren banda zabala sartzen; bigarren faseko tramitazioa, berriz, egiteko dago. Edozelan ere, alkateak azpimarratu zuen “epe motzean Soraluzeko baserri guztietan” sartuta egongo dela banda zabala.
Behin eskari guztiak jasota, Udalak datozen asteotan finkatuko ditu lehentasunak eta haien arabera joango dira landa-gunean lanak egiten.