"Oso interesgarria"

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 3a, 13:04

Hizlaria berbetan, atzo, martitzena. Argazkia: Nikolas Morillo.

Atzo, Mahibar&co. Sexologiak Soraluzeko pertsona nagusiei zuzendutako hitzaldia eskaini zuen Tolarekua aretoan. Antzolatzaileen ezusterako, bakarrik bi pertsona bertaratu ziren. Hori bai, hitzaldian egon zirenek diote "oso interesgarria" izan dela eta hurrengo saiora joateko -azaroaren 9- animatu nahi dituzte adinekoak. Oro har, sexualitateari buruzko jakinminak, zalantzak… eta beste izan zituzten hizpide atzo.

 

"Gaztetan kohete modukoak gara; adinean aurrera egin ahal, baina, baretzen, lasaizen goaz eta orain, txapligu modukoak gara. Kontua da horretara egokitzen jakitea". Halaxe laburbildu du atzoko hitzaldian landutakoaren oinarria bertan egon zen entzuleetako batek. Gaineratu du "oso interesgarria" izan zela eta bertaratu zirenek luxuzko aukera izan zutela adituari galderak egin, zalantzak argitu eta abarrerako. Halaber, adierazi du adinekoen sexualitatearen gaia oraindik tabua dela eta hori ere igartzen dela.

Adiekoen sexualitateari buruzko hurrengo saioa datorren asteko martitzenean izango da, azaroaren 9an. Plaza mugatuak direnez, interesa izanez gero, aldez aurretik izena eman beharra dago. Bigarren saioan lehenengoan azaldutako hainbat gauza landu eta barneratzeko tailerra egingo da. Bietan sexualitatearen inguruko bizipenak lasaitasunez partekatu, zalantzak argitu eta horien inguruan hitz egiteko gunea eskainiko da.

Bi saioen helburua da adinekoen sexulaitateaz hitz egitea, kasu honetan sexologo batekin. Sexualitatearen inguruan dauden "mitoak" lantzea, adinekoen sexualitateari buruz hitz egitea, plazerra sentitzeko gaitasunaz aritzea e.a. "Hori guztia, sexualitateaz disfrutatzeko ere gazteak izan ez arren".