Eskolako patioa berriz ere zabaltzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 29a, 19:09

Eskolako patioaren itxiera dela-eta, EH Bildutik jakinarazi dute ezin dutela ulertu “herriarena den gune hura" arratsaldez ere ixteko erabakia. Gaineratu dute, auzi horretan “umeak eta bandalismoa nahastu” dituztela eta patioa berriz ere zabal dezala eskatu diote Udalari.

EH Bildutik azpimarratu dutela patioa ixteko erabakia ulertzen, aipatuz azkenaldian kontrako aukera aztertzen zihardutela Gazteria Batzordean, alegia, patioa denbora gehiagoz zabaltzea. 

Bestalde, bandalismoaren kontuari dagokionez, argudiatu dute; batetik, “umeen ordutegian ez dagoela bandalismorik“; eta bestetik, “bandalismo edota jarrera desegokien aurrean bide hezitzaileak” bilatzea dela garrantzitsua. 

Hona hemen EH Bilduren oharra osorik: 

"Irailaren 9an pozez jaso genuen Goiko Eskolako Patioaren zaharberritzearen albistea. Eskola orduetan eta hauetatik kanpo herritar gazteenentzako gune hezigarri bat gehiago herrian. 

Hilabete beranduago, ordea, egun batetik bestera, espazioa arratsaldeko 20:00etan itxi ordez 16:30ean itxita agertu zen. Inongo batzordetan gaia landu barik eta udal gobernutik inongo azalpenik gabe; herritarren eskutik izan genuen erabakiaren berri.

Astebete bada Udal Gobernuari gure desadostasuna eta ezinegona adierazi geniola, baina ez dugu inongo erantzunik jaso bueltan.

«Bandalismoaren» izenean haur eta gaztetxoentzako berregokitu den espazio bat ixtea erabaki da alkatetzatik. Umeak eta bandalismoa nahastu dituzte auzi honetan. Eta jakin badakigu umeen ordutegian ez dagoela bandalismorik; umeak dira gune horretan jaun eta jabe.

Zorionez, eskola orduetatik kanpo, asko erabiltzen den gunea da goiko eskolako patioa. Beraz ezin dugu ulertu herriarena den gune hau arratsaldez ixtearen erabakia.

Bestalde, Udalean gauden alderdi guztien artean eta herriko eragileekin elkarlanean garatu berri dugun GAZTE PROZESUAN zehar, goiko patio horren aldarrikapena egiten dute gaztetxoenak.

Berau, ordutegi luzeagoz eta domeketan ere zabaltzeko eskariari nola bide eman pentsatzen aritu gara azken lan talde eta batzordeetan. Eta honen aurrean, bat batean, ordutegiak gehiago murriztearen erabakia hartu dute alkatetzatik, prozesuaren ondorioei izkin eginda.

Horrez gain,“Bandalismo” edota jarrera desegokien aurrean bide hezitzaileak bilatzearen garrantziaz ere jardun dugu guztiok gazte prozesuan. Beraz, heldu diezaiogun arduraz eta lehentasunez gai honi, eta ahal bada herri osoa kameraz bete aurretik mesedez.

Azkenik, hartutako erabakia bertan behera uzteko eta goiko eskolako patioa berriz ere adosturiko ordutegian zabaltzeko eskatzen diogu Udal Gobernuari. Herritarronak diren espazioak jarraitu ditzagun gozatzen! 

Umeak eta gaztetxoak jar ditzagun erdigunean"