Kalabazaren bila

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 29a, 12:33

Atzo, eguena, kalabazaren bila ibili ziren Bertakotze egitasmoko umeak. Hilero egiten dute ekintza bereziren bat gaztelekutik kanpo eta hilabete honetan Gaba Beltzarekin lotutakoa egin dute.

Atzo arratsaldean, herriko hainbat puntutan gordetako pisten bila jardun zuten Bertakotze egitasmoko umeek. Saltokietan Gaba Beltzari buruzko galderak eginez lortu zuten pistaz pista aurrera egitea. Gozokiak eskatzeko erabili beharreko esaldia ere ikasi zuten eta Xanduli, manduli… esanda, Plaza Berriko gaztainak ere eman zizkieten. Hartara, merienda eta guzti borobildu zuten ekimena. 

Aurtengo ikasturtean, LH2ko 16 ume ari dira Bertakotze egitasmoan parte hartzen, bi taldetan banatuta. Ekimenaren helburua da beharra duten umeak euskaraz trebatzea modu ludikoan. Egitasmoa egiten den hirugarren ikasturtea da aurtengoa.