Eroski kooperatiban gaiari buruz galdetuta, berriz, esan dute behin betiko erabakia hartzeke dutela. Azterlanaren xehetasunak lotzen dihardute eta horien emaitzen arabera erabakiko dute proiektuarekin aurrera egin ala ez. Ondorioz, oraindik ezin da ziurtatu Soraluzen denda zabalduko dutenik.
Frankizia
Pil-pilean komunikabideak eskuratutako informazioaren arabera, Mondragon Taldeko kooperatibak aztertzen diharduena Soraluzen Eroski City bat zabaltzeko aukera da. Hain zuzen, berau Estazio kaleko 2. zenbakiko garajeen lokalean kokatzeko aukera da aztertzen dihardutena.
Bestelako ezaugarrien artean, "tokian tokiko" zerbitzua lehenesten dute Eroski City motako saltokietan, "produktu freskoak dituzten elikagai-dendak dira, eta bezeroarentzako arretan, prezio lehiakorretan eta egunero kontsumitzen diren produktuetan" oinarritzen dituzte salmentak. Eroski City saltokiak astelehenetik zapatura (biak barne) zabaltzen dira, goizetik iluntzera arte, eten barik, eta frankizia modura funtzionatzen dute.
Eroski Taldeak 500 frankizia baino gehiago ditu Estatuan.