Bazterkeria arriskuan dauden emakumeak laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko proiektuaren garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 28a, 18:38

Gaur, eguena, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Zabaltzen-Sartu kooperatibako eta Udaleko ordezkariek bertatik bertara bisitatu dute Soraluzen iaztik abian dagoen Emakumeak, talentuak eta aukerak izeneko proiektu pilotua. Diputazioko ordezkariek iragarri dute 2022an proiektuak aurrera jarraituko duela. Bestalde, alkateak jakinarazi du Kalebarren 8ko antzinako joku-aretoa eta beheko solairua erosi dituela, besteak beste, etorkizunean bertan eskaini ahal izateko Lanbideren ikastaroak.

Gaztelekuan izan dir lehenengo, hantxe egiten baitituzte bazterkeria egoeran dauden emakumeak ahalduntzeko eta alfabetatzeko saioak. Marokoko, Nigeriako, Maliko, Saharako, Palestinako eta Soraluzeko 20 emakume inguruk dihardute parte hartzen eta bertatik bertara kontatu diete agintariei, besteak beste, iaz "oso ondo" irten zela egitasmoa, aurten emakume gehiago ari direla parte hatzen, gehiagok ere nahiko luketela parte hartu eta aho batez eskatu zieten egitasmoari jarraipena emateko. Han bertan jakinarazi dute Diputazioko ordezkariek 2022an proiektuak aurrera jarraituko duela.

Aholkularitza zerbitzua

Horren ondoren, HHIko lokaletan (EPA) eskaintzen den aholkularitza zerbitzua bisitatu dute, proiektu pilotuaren hirugarren hanka. Esplikatu diete Lanbiderekin, laneratzeko kontuekin eta oro har, Internet bidez egin beharreko prozedureri buruzko aholkularitza eskaintzen dutela han eta asko erabiltzen den zerbitzua dela. 

Kalebarren 8, Udalarena

Bisita bukatzeko, alkateak Kalebarrenera eraman ditu. Han, Iker Aldazabalek jakinarazi zuen, Udalak Kalebarren 8ko bi solairutako lokala bereganatu duela. Udalak nahi du gaztelekuan eta EPAn eskaintzen diren bi zerbitzuak etorkizunean Kalebarrenen kokatzea, "gune zentralizatu eta irisgarri batean, herritarrek aukera izan dezaten zerbitzu duina izateko". Alkateak gaineratu du helburua dela, baita ere, Lanbideren bitartez espazio hori homologatzea, gaur egun Eibarren edo Elgoibarren egiten diren ikastaroak herrian bertan egin ahal izateko. Jakinarazi du 450.000 eurotako proiektua dutela aurkeztuta Diputazioko dirulaguntzetara Kalebarrengo egitasmoa gauzatzeko.

Ordezkaritza zabala

Soraluzen, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Ekonomia Sustapeneko diputatu Javier Larrañaga, Proiektu Estrategikoetako zuzendari Unai Andueza, Zabaltzen-Sartu Kooperatibako arduradun Marta Saenz, Iker Aldazabal alkatea, Patricia Borinaga alkate ordea eta Maite Kintanilla eta Abel Olaizola zinegotzia izan ziren, besteak beste.

"Proiektu garrantzitsua"

Bisitaren amaieran, IKer Aldazabal alkateak esplikatu du Aldundiak lagundu duen proiektuaren berri eman diotela Markel Olanori, "Aldundiaren Elkar Ekin proiektu estrategikoaren baitan, herrian dagoen langabezia-tasa altua medio horri aurre egiteko proiektua da, Aldundiarekin, Debegesarekin, Sartu-Zabaltzenekin elkarlanean abiarazita dagoen proiektua".

Horrekin batera, eskerrak eman dizkio Aldundiari: "Oso eskertuta gaude Aldundiak emandako laguntzari esker proiektua garatu delako eta errealitate bat delako eta albiste ona ere izan dugu proiektuak hurrengo urtera begira jarraipena izango duelako".

Markel Olano diputatu nagusiak berriz, Soraluzeko proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Gaur Soraluzen ikusi dugun esperientziak bi elementu oso inportante bateratzen ditu: bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan duin baterako ibilbide bat bermatzeko bidea eta horrekin batera profil oso berezi bat lantzen da bereziki, emakumearen profila. Uste dugu gizarteratze horretan emakumeek behar dutela esfortzu berezi bat izan ere ahalduntze bat funtsezkoa da euren partetik. Bestalde, ikustea nola elkarri laguntzen dioten, nola sortzen diren harreman berriak 
eta azkenean etxean isolatuta egon beharrean, emakumeek nola duten babes hori eta nola hasten diren bide batean gero inkluso enplegu batera eramango dituena, guretzat izan da oso argigarria eta oso polita eta Elkar Ekin proiektuarekin indar bereziz eta indar berriz jarraitzeko oso-oso bultzada polita izan da".