Aurten, urriaren 31, Arimen Gaua edo Gaba Beltza jai-egunean tokatzen denez, egun hori ospatzeko ohi baino ekimen gutxiago izango da. Kukumixo Aisialdi Taldeak, dena den, bihar, barikua, prestatuko du zertxobait, ludotekara zein gaztelekura doazenekin batera ospatzeko. Dagoeneko gertu ditu horretarako kalabazak.
Egunari berari dagokionez, berriz, domeka da. Ume gehienak iluntze partean irtengo dira mozorro beldurgarriz jantzita, handik hona gozoki eskean ibiltzeko. Baina aurten, ibilbidea apurtxo bat egokitu egin beharko dute, saltoki gehienak itxita izango baitira. Hori bai tabernari asko animatu da Gaba Beltzean parte hartzera eta gertu izango dituzte gozoki poltsak eskean doazen umeen artean banatzeko.
Non eta zelan eskatu
Gozoki-eskerako erabili beharreko esaldiak honakoak dira:
Saria ala ziria?
Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!
Banatu, berriz, honako lekuetan banatuko dituzte gozokiak:
Tabernak:
- Pub
- Arrano
- Batzokia
- Txoko
- Gila
- Edurtza
Saltokiak:
- Musta: 20:00etan hasiko da gozokiak banatzen, bukatu arte.
Gaubeltza.eus webgunean jasotzen denez, “udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan Europa osoan egin izan dira heriotzarekin lotutako errituak, baita Euskal Herrian ere. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… lotu izan dira barrura begirako ariketa horretan eta aldi berean, iluntasuna eta beldurra baliatu izan dira, jolaserako”.
Erritu horiek, modu batera edo bestera, ia gaur egunera arte mantendu dira: izara zuriak jantzita ateratzea, kalabazak hustu eta barruan kandelak jarrita ipintzea, arbiei aurpegia marraztea, anima galduen gaineko kontakizun beldurgarriak kontatzea… Horiek ez dira berriak, eta bertako ikuspegia galtzeko zorian izan bada ere, azken urteotan, hainbat herritan abiatu dira tradizioa birsortzeko ekimenak: Mutriku, Aretxabaleta, Arrasate, Eibar, Lekeitio, Oiartzun…