Gazteako XXX. Maketa Lehiaketara aurkeztu da Muzak taldea

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 27a, 19:58
Muzak taldeko Ruben Irigoyen, Joanes Iñurrieta eta Aitor Sagarmendi. Argazkia: Juan Fernandez.

Muzak rock taldea Gazteako maketa lehiaketara aurkeztu eta 20 finalistetan artean aukeratu dute. Programaturik diskoko hiru kantu aurkeztu dituzte lehiaketara. Joanes Iñurrieta soraluzetarra da Muzak hirukoteko gitarra eta ahotsa, Ruben Irigoyen elgoibartarra, berriz, bateria eta Aitor Sagarmendi mutrikuarra baxua. Lehiaketako 20 finalistetatik lau pasako dira hurrengo fasera; hiru epaimahaiak aukeratuko ditu eta laugarrena herritarrek, bozketa bitartez. Botoa emateko epea zabalik da, azaroaren 4ra bitartean. 

Gazteako maketa lehiaketako finalistetako bat da Muzak. Hirukotearen hiru kantu entzungai daude lehiaketaren web orrian eta gustukoenaren alde bozkatzeko aukera zabalik dago, azaroaren 4ra bitartean. Botoa eman daiteke HEMEN klikatuta.

20 finalistetatik lau pasatuko dira finalera. Lau horiek zuzenean joko dute eta emanaldi horretan epaimahaikideak egongo dira. Zuzeneko horretan oinarrituta, Gaztearen XXX. Maketa Lehiaketako irabazlea zein den erabakiko dute. Finala azaroaren 25ean izango da.

Hiru sari

Hiru sari izango dira: 

1- Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro dirutan gehi BBK LIVE-n jotzeko aukera. 
2- GazteBizhitza saria (Entzuleen saria): 2.500 euro dirutan.
3- Harrobia Saria. Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera. 

Zazpi kantu ditu Muzak taldearen lehen diskoak. Programaturik du izenburua eta rock alternatibo eta modernoa lantzen dute. Joanes Iñurrietak (Soraluze, 1991) kontatu duenez, hiru lagunek elkarrekin egin duten lehen lana da eta “oso-oso gustura” geratu dira emaitzarekin. Eñaut Gaztainen - Ezpalak eta Grises taldeetako gitarra-jolearen- Zestoako estudioan grabatu eta Gaztainek berak nahastu du diskoa. 

Plataforma digital guztietan entzungai

Programaturik dagoeneko plataforma digital guztietan dago entzungai. Iñurrietak esan duenez, oraingoz ez dute diskoa fisikoki ateratzeko asmorik baina ahalik eta entzule gehienengana nahi dute ailegatu. Horregatik aurkeztu dira Gazteako lehiaketara eta baita ere Durangoko Azokako Ahotseneara, “baina Ahotsenean ya ez dagoela lekurik esan digute”. 

Gazteako maketa lehiaketari dagokionez, berriz, Iñurrietak uste du aurten “maila nahiko altua” dagoela, batik bat, teknologia berrien laguntzarekin soinua asko hobetu delako eta kantu oso onak daudelako lehian.

Eurak ere oso gustura geratu dira euren lanaren emaitzarekin eta epaimahaiaren erabakiarekin badute konfidantza. Bestalde, herritarrak animatu nahi ditu botoa eman dezaten nahiz eta zaila ikusten duen botoekin finalera pasatzea, horretarako kanpaina handia egin behar delako eta eurek ez dutelako horretarako asmorik.

Gaztetatik gitarra-jole

Joanes Iñurrieta 12 urterekin hasi zen gitarra ikasten Soraluzeko Musika Eskolan, Keu Agirretxea irakasle zuela. Beste herrikide batzuekin batera Revelphone taldean jardun zuen orain dela 14 urte inguru. Orain, Ruben Irigoyenekin eta Aitor Sagarmendirekin batera murgildu da proiektu berrian. Aurrera begira, oraingoz, zazpi kanta dituen diskoa kantu gehiagoz osatu nahi dute, zuzenekoak ere egin ahal izateko.