Abian da Tripontziak ekimen gastronomikoaren zazpigarren ekitaldia

Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 17:01

Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko zazpi jatetxek, tartean Soraluzeko Txurrukak, eskainiko dituzte aurtengoan Tripontziak menuak; "kalitate handiko" menu bereziak, 28 eurotan.

 

Iazko etenaren ostean, azaroaren 5etik 28ra bitartean egingo dute VII. Debabarrena Tripontziak ekimen gastronomikoa. Aurten ekimenera batu diren eskualdeko jatetxeek, bertako eta sasoiko produktuez baliatuz, proposamen gastronomiko "iradokitzaile eta ezberdinak" eskainiko dituzte prezio berezietan: Tripontziak Menuak 28 eurotan. Prezio hori pertsona bakoitzeko dela zehaztu dute antolatzaileek. Erreserba egiterakoan "Tripontziak Menua" nahi dela adierazi beharko da, eta menutik kanpoko produktuak aparte ordainduko dira.

Helburu nagusi hauek ditu Tripontziak ekimenak: bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

Ondorengo jatetxeetan Tripontziak Menua eskatu ahal izango da, 28 euroren truke (ogia, edaria, kafea eta BEZa barne). Ikus menu guztiak elkarrekin, Tripontziak ekimenaren kartelean -PDF-

Lehiaketa eta Tripontziak amantala

Ondo jateaz gainera, sariak irabazteko aukera ere izango dute ekimenean parte hartzen dutenek. Horretarako partaidetza-kupoia eskatu beharko dute establezimenduan, eta harremanetarako datuekin bete beharko da hori, menua jaten den jatetxean entregatzeko. Partehartzaile guztien artean sariak zozkatuko dituzte: Debabarreneko bertako produktuez osatutako bi sorta eder. Era berean, lau jatetxe desberdinetako menuak dastaten dituztenek Tripontziak amantal esklusiboa jasoko dute.

Informazio osoa debabarrenaturismo.com