Urtero 200 profesional inguru prestatuko dituen IIoT Gaitasun Zentroa aurkeztu zuten

Erredakzioa 2021ko urr. 24a, 09:01

IMHk eta Ikusik lehen Industrial IoT Meeting jardunaldia egin zuten barikuan Elgoibarren eta, bertan, ezagutarazi zituzten industria-digitalizazioan arrakasta izan duten kasuak; Biele eta Aingura IIoT bezalako proiektuak. Era berean, topaketa hori baliatu zuten IIoT Gaitasun Zentro berria aurkezteko.

Industriaren eraldaketa digitala beharrezkoa bezain erreala dela nabarmendu zuten IMHk eta Ikusik antolatutako lehen Industrial IoT Meeting-ean parte hartu zuten adituek: "Enpresek badakite etorkizuneko lehiakortasunari eta errentagarritasunari eustea beren produktuen eta prozesuen digitalizazioarekin lotu behar dela. Izan ere, gero eta gehiago dira digitalizazio industrialaren alde egin duten enpresen adibideak, eta horretarako profesional kualifikatuak behar dituzte",.

IMHn egin zuten jardunaldian parte hartu dute Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendariak, Fernando Asenjo, Ikusiko zuzendari komertzialak, eta Ixaka Egurbidek, IMHko zuzendari gerenteak.

Digitalizazio industriala, lehen pertsonan

Digitalizazio industrialaren erronkei eta aukeren inguruan berba egin zuten solasaldian eta arrakasta izan duten zenbait enpresaren kasuak ezagutarazi zituzten. Proiektu berritzaileen eta IIoT plataformen bidez prozesu industrialak nola digitalizatu dituzten kontatu zuten.

Ikusi enpresako Olatz Iriondok, esaterako, Thingworx plataforma aurkeztu zuen. PTC multinazionalak garatutako tresna berritzailea da, eta Adimen Artifiziala erabiltzen du fabrikazio prozesuak hobetzeko. Thingworxek aukera ematen du benetako ingurune batean probak egiteko eta, horri esker, proiektu pilotuak enpresentzako soluzio zehatz bihur daitezke.

Horrez gain, Iriondok Ikusik Biele Group enpresarekin batera garatutako proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen. Hilabete gutxiren buruan ETE industrial bat digitalizatzea posible dela frogatu duen software bat ezarri dute. Azaldu zuenez, software berriak Biele Groupen produkzio-lineak monitorizatzen ditu, horien egoerari buruzko informazio puntuala emanez eta horrela, bezeroen prozesuak eta geldialdien programazioa optimizatuz. Hala, enpresak aldez aurretik jakin dezake noiz edo zein puntutan izango diren beharrezkoak.

Era berean, Rafael Ibeas Aingura IIoT enpresako kontseilari delegatuak ere eman zuen euren digitalizazio esperientziaren berri. INZU Taldeko enpresak industriarako abangoardiako IIoT irtenbideak diseinatu eta garatzen ditu. Ibeasek Egde4FoF proiektuaren berri eman zuen, makina erremintaren enpresa fabrikatzaile, mantentzaile eta erabiltzaileei zuzendua, makinak eta prozesuak sortzen dituzten datu-bolumen izugarrien analisia lortzeko helburuarekin.

Alde batetik, fabrikatzaileei aukera ematen die beren produktuen diseinua hobetzeko, bezeroak erosi ondoren martxan dituzten makinen datuak dauzkatelako; beste alde batetik, aukera emango die makina horiek erabiltzen eta mantentzen dituzten enpresek anomaliak eta akatsak aurreikusteko. Proiektua Etxetarrek zuzentzen du eta Aingura IIoT, Ikusi, IMH, Fagor Automation, Gaindu, Titanium eta AFM Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak parte hartzen dute.

IIoT Gaitasun Zentroa

Topaketa honen barruan aurkeztu zuten IIoT Gaitasun Zentroa, IMHk eta Ikusik elkarrekin sustatu eta sortu dutena. Ixaka Egurbidek, IMHko zuzendari kudeatzaileak, IMHko Elgoibarko Fabrika Digitaleko instalazioetan kokatuko den eta 2022ko urtarrilean bere ibilbidea hasiko duen proiektu berri honen xehetasun guztiak eman zituen.

IMHko ikasleei eta industria-enpresei zuzenduta dago, IIoTaren (Gauzen Internet industriala) esparruan beren prestakuntza garatu ahal izan dezaten; aldi berean, beren digitalizazio eta berrikuntza-prozesuetan aurrera egin nahi duten enpresentzako trebakuntzarako balioko du.

Horrela, IIoT Gaitasun Zentro berriak profesionalak prestatuko ditu teknologia horiek makinetan aplikatzeko, eta enpresetako produkzio-prozesuen hobekuntza bultzatuko du. Enpresek azterketa praktikoak egin ahal izango dituzte benetako industria-ingurune batean eta, horri esker, haien digitalizazioan segurtasunez aurrera egin ahal izango dute, "tresna digital horien aplikazioarekin lor ditzaketen onurak uneoro egiaztatuz".

Bestalde, zentroak eragin zuzena izango du IMHko Ingeniaritza Dualeko, Fabrikazio Digitaleko Masterreko, Datuen Analitikako eta Fabrikazio Aditiboko Espezializazio-ondoko ikasleen prestakuntzan, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Prestakuntzako ikasleekin batera. Guztira, zentroak urtero 200 profesional baino gehiago prestatzea aurreikusten dute.