Atzo eguerdian, Ausolan enpresa arrasatearrak sukaldaritza zerbitzuak eskaintzen dituen hainbat hezkuntza zentrotako jantokietan elikagai bidezko intoxikazioak detektatu ziren atzoko menuko plateretako batek eraginda, ustez, hegaluzeak. Sintomatologia arina zuten intoxikazioak izan ziren.
Bigarren tandakoek ez
Egoeraren berri izan bezain laster, enpresak jantokiei abisatu zien, platera menutik ken zezaten, baita Soraluzekoari ere, eta, horrelaxe egin zuten, Jabi Aldai jantokiko zuzendariak esplikatu duenez: “Guk bi tandatan bazkaltzen dugu; lehen tandakoek jan zuten baina bigarrenekoek ez, abisua pasa bezain laster kendu egin genuelako menutik”.
Aldaik esandakoaren arabera, umeetakoren batek esan zuen tripako minak zituela eta besteren batek pikorra zeukala mingainean, baina gaineratu du ez dutela intoxikazio larrien berririk: “Guk dakigunez ez, eskolara, behintzat, ez du inork abisatu”.
Osasun Publikoko Sailak zabalik du ikerketa, bildutako laginen analisien emaitzen zain, elikagaien intoxikazioaren kausa zehazteko.