Eskolako patioa itxita

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 23a, 13:52

Ikasleak eskolako patioan, atzo, eguena.

Plaentxia eskolako patioa itxita dago 16:30etik aurrera. Halaxe segituko du harik eta inguru hura zaintzeko kamerak ipini arte. Udalak erabaki du patioa eskola orduetatik kanpo ixtea, hura zaharberritu denez eta bandalismo kasuak sarri izaten direnez, segurtasuna bermatzeko. Kamerak ipintzea, berriz, eskolako organo goreneko kontseiluak erabaki zuen.

Orain arte, eskolako patioa 20:00ak arte zabalik izaten zen eta ume askok erabiltzen zuten hura arratsaldeetan bertan jolasteko.

Orain, berriz, itxita dago 16:30etik aurrera, Udalak horrela erabakita. Iker Aldazabal alkateak esplikatu duen moduan, sarri gertatzen dira han bandalismo kasuak. Justu halakoak saihesteko helburuarekin, eskolako organo goreneko kontseiluaren gehiengoak erabaki zuen kamerak ipiniko zirela patioan, baina oraindik ipintzeke daude.

Obretarako materiala

Hori dela-eta, Udalak erabaki du harik eta kamerak ipini arte, itxita izango dela patioa eskola orduetatik kanpo. Alkateak esan duenez, 50.000-55.000 euroko inbertsioa egin du patioa zaharberritzeko eta ipini diren jolas eta altzari berriak babestu egin nahi dira.

Gaineratu duenez, azken bandalismo ekintzak obretarako materialarekin egin zituzten. “Zakuak zabaldu zituzten, bankalak ipini zituztenean iraulita azaldu ziren… Kiroldegi gainean, adibidez, kamera ipini denetik ez dute ezta oholtza bat bera ere apurtu”.