Itxaropenako gisatu lehiaketa eta bazkaria bueltan dira

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 24a, 09:09
2019ko gisatu lehiaketan parte hartu zuen bikoteetako bat.

Azaroaren 3an, okela gisatu lehiaketa egingo dute Itxaropena Nagusien Elkartean. Izen-ematea zabalik dago, Itxaropenako iragarki taulan eman behar da izena. Lehiaketaren ondoren, lehiaketarako prestatutako gisatuarekin bazkaria egingo dute. Bazkarirako izena Itxaropenako tabernan eman behar da.

Azaroaren 3an, goizean, Itxaropenako terrazan prestatuko dute haragi gisatua lehiaketara aurkezten diren bikoteek, bakoitzak bere ukitu pertsonalarekin, mimo handiz, ohi dutenez. Zortzi bikote aurkezteko aukera izango da eta dagoeneko eman dezakete izena, Itxaropenako iragarki taulan.

80 lagun gehienez

Gisatu lehiaketarekin batera, Itxaropenako bazkideendako bazkaria izango da egun berean, lehiaketako gisatua plater nagusi dutela. Kasu horretan, jatordua 14:00etan izango da eta asko jota 80 pertsonarendako lekua izango da. Itxaropenako zuzendaritzatik abisatu dute izena ematen duen bazkide bakoitzak beste bazkide bakar bat apuntatu ahal izango duela bazkarirako.

Bazkariaren kasuan, Itxaropenako tabernan eman behar dute izena. 

Bazkalostean, sariak banatuko dizkiete haragi gisatu txapelketako irabazleei eta baita parte hartu duten gainontzeko bikoteei ere.