Bihar ere lanuzteak autobusetan

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 21a, 16:06

Bihar, barikua, atzera ere egingo dituzte lanuzteak garraio publikoan. Goizean, 06:00etatik 08:00etara eta arratsaldean 18:00etatik 20:00etara izango dira. Protestan diharduten Avanza Gipuzkoa enpresako Lan Batzordeak iragarri duenez, elkarretaratzea ere egingo dute, Arrasaten. 

Aste honetako astelehenean hasi ziren goizez zein arratsaldez bina ordutako lanuzteak egiten garraio publikoaren kudeaketaz arduratzen den Avanza Gipuzkoa (lehenagoko PESA) hainbat langile. Horrek eragina izan zuen eskualdeko autobus zerbitzuetan. 

Bihar, barikua, bigarren aldiz egingo dituzte lanuzteak. Eta enpresako Lan batzordetik iragarritakoaren arabera, lanuzteok mugagabeak izango dira, harik eta enpresaren erantzunen bat eskuratu arte. Gaineratu dute, lanuzteekin batera, elkarretaratzeak ere egingo dituztela, Arrasaten. Bihar, barikua, 13:30ean elkartuko dira Zalduspen, ospitale aurrean.

Diputazioari ere deia

Autobusetako gidariek hiru eraso jasan dituztela salatu eta enpresari euren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditzan eskatu ondoren etorri dira lanuzteak. Lan Batzordeak salatu duenez, enpresak oraindik ez ditu egoera konpontzeko “baliabide egokiak” jarri. 

Lan Batzordetik Avanza Gipuzkoa enpresari ez ezik, Diputazioari ere dei egin diote, “azken batean lurraldeko autobus zerbitzuaren arduraduna bera baita”, ekarri dute gogora. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.