Elgoibarko zabortegia zigilatzeko lanak bide onetik doaz

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 21a, 09:51
Urruzunon geosintetikoak ipintzen. Argazkia: Mankomunitatea.

Aste honetan, Elgoibarko Urruzuno zabortegia zigilatzeko geosintetikoak jartzeko prozesua abiarazi dute, lurzoruaren ezaugarriak hobetzeko helburuarekin. Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak jakinarazi zuenez, ezustekorik ezean, urtea bukatu aurretik amaituko dituzte zabortegia zigilatzeko lanak. Hark gaineratu zuenez, “hiri-hondakinen zabortegien aroari amaiera ematetik gero eta gertuago gaude eta berri ona da hori”.

Uztailean hasi ziren Elgoibarren dagoen Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak. Mankomunitateko presidente Arraizek azpimarratu duenez, “kontrol neurri guztiekin” egiten ari dira zigilatze-lanak eta dna ondo bidean, espero dute urtea amaitu aurretik bukatzea lanok. 

Une honetan, lanak iragazgaizte-fasean daude. Horren helburua da saihestea euri-ura hondakinen artean iragaztea eta ondorioz, saihestea Aranbeltz erreka kutsatzen duten lixibatuak sortzea, gerora Deba ibaian ere eragingo luketenak.

Biltegi modura

Eremua zigilatzen denean, estaldura-lurzorua jarriko da, eta, ondoren, landareak landatuko dira, euri-urak drainatzeko sarea instalatzeaz batera. Behin zigilatze obra amaituta, eremua Mankomunitatearen materialen biltegi gisa erabili nahi da, edukiontziak, makina-garbitzaileak, kamioiak eta beste gordetzeko. Horretarako, hormigoizko zola bat eraikiko dute. 

Obra horiek Viuda de Sainz eta Urdinberriren artean osatutako  Aldi Baterako Enpresa Elkartea egiten ari da, lanen zuzendaritza Hirigintza enpresaren esku dago eta Kantabriako Unibertsitatea ari da geosintetikoen kontrola eramaten.

Aro baten amaiera

2007 urte hasieran utzi zitzaion hondakinak isurtzeari orain zigilatuko den eremuan. Obraren helburua da zabortegia behin betiko ixtea eta ingurune naturala berreskuratzea. Urruzunoko zabortegia zigilatu, itxi eta ingurumena berreskuratzeak amaiera ematen dio Debabarreneko hiri-hondakinen zabortegien aroari. Halaxe azpimarratu zuen Mankomunitateko presidente Iosu Arraizek.