Ludotekako zein gaztelekuko zerbitzuak handitu egin dituzte

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 20a, 12:05

Pandemiarekin lotutako neurrien arintzeak ekarri du joan den astetik, Udal ludotekak eta gaztelekuak ohiko ordutegia berreskuratzea. Bestela esanda, gaztelekuan dauden erabiltzaileak asteroko maiztasunarekin joango dira bertara eta ludotekan ere zerbitzua handitu egin dute.

Neurri berriak indarrean sartzeaz bat egin dute jardunaren egokitzapena ludotekan zein gaztelekuan. Horrek ekarri duena da bi kasuetan zerbitzua handitu egin dutela.

Ludotekaren kasuan, lehen astean behin joaten ziren umeak orain astean birritan joan daitezke eta lehen ordu eta erdiz egoten zirenak orain bi orduz egon daitezke. 

Gaztelekuan itxaron zerrenda

Gaztelekuari dagokionez, orain arte bi astetik behin joan ahal ziren taldeak, joan den astetik, berriz, astero joan daitezke.  

Hori bai, gaztelekuan egokitu egin behar izan dute aurtengo eskaintza, eskaera handia izan baitute. Gaur gaurkoz, 60 erabiltzaile dituzte eta hainbat gazte itxaron zerrendan daude. Hori horrela, bi talde sortu dituzte eta berezko ordutegia -17:00etatik 19:00ak arte- egokitu egin dute. Hala, oraingo ordutegia da LH 5ekoendako 16:35etik 17:55ak arte eta LH6koendako 18:10etik 19:30ak arte.