Zelan ikusten duzu zure zeregin berria?
Hona bidali naute eta nire zeregin berria izango da etorri eta joan kokatzen dagoen beharraren arabera eta etorkizunean sortzen diren beste behar batzuekin nola uztartu ikusi. Nator dagoenarekin ibiltzeko eta pretentsio gehiegi barik.
Aldarte aldetik zelan zatoz?
Espektatiba baxuekin. Ona da lurra ukitzea. Humusa da lurra eta horren arabera ibiliko gara, espektatibak haizea dira eta haizea ez da ezer.
Ezagutzen duzu Soraluze lehenagotik?
Nozio batzuk baditut, baina ez dut ezagutzen. Kasik hobeto, ez baduzu ezagutzen, beharbada, ez-ezagutzatik hobeto joaten zara gauzak ezagutzen eta harremanak egiten. Eibarren biziko naiz. Behar den horretarako eta hemengo errealitatearen arabera etorriko naiz eta beste lantxo batzuk baldin badatoz, haiekin joango gara bizitza osatzen.
Soraluzen eutsiko zaie oraingo elizkizunei?
"Gauzak mugitzen ari dira, orain abiada handiagoarekin, beraz, testuinguruaren arabera joan beharko dugu izaten eta eskaintzen daukaguna edo behar dena"
Bai, hortik abiatzen gara. Beti ere gaur egungo testuinguruari begiratu behar zaio eta testuingurua aldatzen doan neurrian, beste edozein erakundetan moduan, joan beharko gara egokitzen datorren errealitate horretara, ez dakit zein den, baina datorrenera. Soraluzen, urte askotako joera izan da izan dena eta orain bizi dugun errealitateak ez du zerikusi gehiegirik orain urte batzuk bizi izan zenarekin. Kontua da bizi eta egon bizi dugun errealitatean. Horrek eta testuinguruak markatuko gaitu, bai guri, Eliza bezala dudarik gabe, baina hau errealitate integrala da, sistemikoa da eta beste erakundeei ere eragiten die, herritar bezala nola ulertzen garan, nola gestionatzen ditugun denbora eta espazioa, kosmobisioak… . Gauzak mugitzen ari dira, orain abiada handiagoarekin, beraz, testuinguruaren arabera joan beharko dugu izaten eta eskaintzen daukaguna edo behar dena.
Beste mezuren bat baduzu soraluzetarrendako?
Bai. Datorrena etortzen denean, espektatibak igo egiten dira. Kasu honetan, esango nieke espektatibak hustu egin behar direla eta dagoenaren errealitatea ukitu eta hortik abiatu. Apaltasuna, umiltasuna… Esango nieke hortik abiatzeko.