Sabadellen bulegoa itxita eta kutxazain barik

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 19a, 16:22

Sabadellen bulegoa itxita.

Barikuan, urriaren 14an itxi zuten behin betiko Sabadell banketxeak Soraluzen zuen bulegoa. Horrez aparte, inolako zerbitzu barik laga dituzte Soraluzeko bezeroak, kutxazain zerbitzua bera ere kendu egin dutelako. Banketxeko langileei dagokienez, barikuan, azken momentuan lortu zuten akordioa negoziazio mahaiko eta bertan ordezkaritza duten sindikatu nagusietako ordezkariek.  

Soraluzeko bulegotik joan den astean atera zituzten makinak eta beste. Banketxearen izena zuten idazkiak ere kendu zituzten. Orain, hura itxi ondoren, aurrerantzean, Soraluzeko bezeroek Eibarko bulegora jo beharko dute Sabadell banketxearen zerbitzuak erabiltzeko.

Banketxeko lantaldeari dagokionez, Sabadell banketxetik jakinarazi dutenez, barikuan adostu zuten EEEarekin (ERE) lotutako akordioa negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuekin, CCOO, UGT, SICAM-APROBAS, ALTA, CUADROS eta INTERSINDICAL sindikatuekin. 

220 milioi euroko etekin garbiak

Enpresak emandako azalpenen arabera, erregulazio espedientearen helburua da “banketxea modernizatzea, bezeroendako zerbitzuak hobetzea, diru sarrerak handitzea eta kostuak txikitzea”, batik bat, azken puntua gauzatzea da helburu nagusia. Hori lortzeko, lantaldearen %10 kanporatuko dute (1.605 langile), batzuk aurre-erretiroa hartuta, beste batzuk birkokatuta eta beste hainbat kaleratuta.

Baina bestelako irakurketa egin dute akordioa babestu ez duten sindikatuek, besteak beste, LAB eta ELA sindikatuek. Azken horrek, ELAk prentsa ohar bitartez adierazi du ez duela “ontzat” ematen lortutako akordioa.

Honako arrazoiengatik:

Batetik, Sabadellen bulegoetan langile “gehiago” behar direlako. Bestetik ez delako langileen kanporatzearekin lotuta “borondatezkotasuna bermatzen”. Hirugarrenik ELAtik uste duelako “irteera-baldintzak” ez direla “nahikoa” eta azkenik, uste dutelako EEEa amaitzean “entitatean geratuko diren langileek ere ondorioak pairatuko” dituztela. 

Halaber, ELAk gogora ekarri du Banco Sabadellek 220 milioi euroko etekin garbiarekin itxi duela 2021eko lehen seihilekoa. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.