Txertoak ipintzeko hitzorduak eska daitezke

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 19a, 10:31

Herritar bat txertoa hartzen, iaz.

Atzotik, astelehena, gripearen kontrako txertoa hartzeko txandak eska daitezke anbulatorioan. Baita COVID-19aren kontrako txertoaren 3. dosia hartzeko ere. Azken horren harira, 80 urtetiko gorakoek dute lehentasuna. Egoitzako bizilagunei zein mendekotasuna dutenei, berriz, egoitzan bertan zein norbere etxeetan ipiniko dizkiete txertoak.

Gripearen kontrako txertoaren kasuan, txertaketak honako pertsona hauek babestea du helburu: gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handiena dutenak eta konplikazio-arrisku handia duen beste norbaiti gaixotasuna transmititu diezaieketenak. 

Bestela esanda, kanpaina dago zuzenduta 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun daudenei, osasun-langileei eta arrisku handia duten pertsonei zaintzen dituzten senideei edo haien bizikideei. 

Txertoa hartzea nahi duten gainontzeko herritarrek azaroaren 15etik aurrera har dezakete horretarako txanda.

Edozein kasutan, anbulatoriora deitu beharra dago txanda hartzeko, 943 75 23 00 edo Osakidetzaren web orriaren bitartez ere egin daiteke. 

Orain, gripeak ez gaitzala banandu da Osakidetzak aukeratutako goiburua gaur hasi den gripearen aurkako txertaketa kanpainarako. 

COVIDaren kontrako 3. dosia

COVID-19 koronabirusaren kontrako txertoaren 3. dosiari dagokionez, berriz, atzo, astelehena, iritsi ziren txerto horiek Soraluzeko anbulatoriora eta honenbestez, hori hartzeko txanda ere eska daiteke. Kasu horretan, 70 urtetik gorako herritarrei eta zaurgarriak direnei zuzenduta dago eskaintza. Hori bai, bakarrik har dezakete COVID-19aren aurkako txertoa duela 6 hilabete baino gehiago jaso dutenek.

70-80 urte bitarteko gehienen kasuan, oraindik ez dira sei hilabete horiek pasatu, beraz, Soraluzeko anbulatoriotik azpimarratu dute lehentasuna dutela 80 urtetik gorakoek. 70-80 urte bitarteko herritarrei begira, berriz, gomendioa da sei hilabeteok pasatu arte itxarotea, bi txertoak batera ipini ahal izan arte.   

Gripea saihesteko neurriak

Txertoa emateko aukera eskaintzeaz gain, Osakidetzak aholku batzuk eman ditu gripea saihesteko. Gogora ekarri dutenez, gripea pertsonen artean kutsatzen da, hitz egitean, eztul egitean edo doministiku egitean ahotik edo sudurretik botatzen diren listu tantatxoen bitartez. Horregatik, txertoaz gain, gripea eta beste arnas infekzio batzuk saihesteko honako neurriak gomendatu dituzte, besteak beste:

  • Maskara erabiltzea.
  • Eskuak sarri garbitzea.
  • Espazio itxiak aireztatzea.
  • Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoarekin tapatzea.
  • Erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea.
  • Ahal den neurrian jende-pilaketak saihestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.