Pentsioetan “igoera barregarriak” izango direla salatu dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 18a, 13:04

Pentsioen aldeko gaurko elkarretaratzea, urriak 18.

Gaur, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, Estatuko Aurrekontu Orokorra izan dute hizpide. Salatu dute bertan aurreikusten diren pentsioen igoerak “barregarriak” direla eta ez direla “gutxieneko onargarrira iristen”. Bestalde, gogora ekarri dute urriaren 28an, Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatuko direla. 40 bat lagunek babestu du gaurko elkarretaratzea.

Gaur, besteak beste, salatu dute Escrivá ministroak ez duela aipatu zenbat igoko diren pentsio publikoak, nahiz eta hark esan KPIaren arabera igoko direla. 

Halaber, pentsioen kopuru baxuak ere salatu dituzte: “Kotizaziopeko 5 pentsiotik ia batek osagarri bat behar du gutxienekora iristeko -689,5 euro- eta 2022rako hilean 19,5 euro handituko litzateke, 709,5 euroan kokatuz. Bestalde, kotizaziopekoa ez den erretiro-pentsioa 12 euro hobetuko litzateke, eta hilean 414,8 eurokoa izango litzateke. Gezurra dirudi Escrivá jauna harro egotea pentsio horien igoera KPIa baino handiagoa dela esanez”. 

Gogora ekarri dute Europako Gutun Sozialaren irizpideak aintzat hartuta, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan beharko litzatekeela; justu horixe berori aldarrikatu zuten zapatuan Madrilen eta hori berori aldarrikatuko dute urriaren 28an, Eusko Legebiltzarraren aurrean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.