Hunkituta Luis Gomezen agurrarekin

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 18a, 10:31

Atzo, domeka, esan zuen azken meza Luis Gomez apaizak. Berarekin batera eta meza gidatzen Juan Mari Olaetxea bikarioa izan zen eta parte hartu zuen, baita ere, aurrerantzean Soraluzeko parrokiaz arduratuko den Jon Loiolak. Herritar asko izan zen mezetan eta hainbatek ezin izan zieten malkoei eutsi, ezta Gomezek berak ere.

Juan Mari Olaetxea bikarioak, gotzainaren ordezkariak gidatu zuen atzoko meza. Ongi-etorria eman zion Jon Loiola abade berriari eta eskerroneko berbak izan zituen Luis Gomez apaizarendako, Soraluzen pasa dituen 19 urtetan egindako lanarengatik.

Obrekin 15 urtez

Luis Gomezek berak ere hartu zuen hitza. Besteak beste, bere ibilbidea markatu zuten elizako obrak izan zituen hizpide: “Bost urte iraun zuen obrak hasi eta amaitu arteko prozesuak, 18 hilabete iraun zuten obrek eta ondoren, 10 urte pasa genituen obrak ordaintzen. Hemen eman ditudan 19 urteetatik 15 obrekin bueltaka ibili ginen. Osasuna galdu nuen obrengatik eta gero berreskuratu, haiek bukatuta, hemengo parrokiak transmititzen duen lasaitasunari esker”.

Hain zuzen, eskerron berbak izan zituen Soraluzeko ibilbidean eman dioten laguntasun handiarengatik. On Benantzio izan zuen gogoan eta batik bat, Soraluzeko parrokia osatzen duten kideak. “Erabakiak guztion artean hartu izan ditugu, ez bakarrik parrokoak, baizik eta parrokia osoak”. 

Malko artean eta txaloka

Halaber, eskerrak eman zituen, baita ere, aurten hil zaion aitari herrian egin zioten harrerarengatik. Azken berba horiek malko artean esan zituen eta mezetan zeuden hainbatek ere ezin izan zieten eutsi malkoei. Herritarrek txaloka erantzun zioten. 

Bukatzeko, Jon Loiolak, aurrerantzean Soraluzeko parrokiaz arduratuko den abadeak egin zuen berba.