Ia 1.300 deskontu-bonu banatu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 18a, 09:14

Udal langilea bonuak ematen.

Gaurko datuen arabera, urriak 17, Soraluzeko Udalak herriko negozioetan gastatzeko deskontu-bonuen ia erdia banatu du dagoeneko. Guztira, 3.000 bonu atera ditu eta 1.283 banatu ditu. Urriaren 31ra arte dago bonuak eskatzeko epea.

Bonuak banatzen hasi zireneko jende-ilarak desagertu dira honezkero eta orain, herritarrak lasaitasun handiagoarekin ari dira Udalak banatzen dituen deskontu-bonuak eskuratzen.  

Gaurko datuen arabera, 1.283 banatu dituzte, beraz, 1.717 daude hartzeko. Familia bakoitzak bina bonu eskuratu ahal ditu, urriaren 31 aurretik. Kontsumitu, berriz, abenduaren 31 aurretik kontsumitu behar dira. 15 eurotik gorako gastua eginda, 5 euroko bonua erabil daiteke eta 30 euroko gastua eginda, berriz, bi bonuak erabil daitezke.

Agortu ezean, beste kanpaina bat

Herriko edozein dendatan, tabernatan, jatetxetan, baserritarren postutan edo beste edozein establezimendutan erabili ahal izango dira txartelak, baita Bizikalekoak ez diren saltokietan eta herriko artisauen produktuak erostean ere. Negozioek bete beharreko baldintza bakarra euren helbide fiskala herrian izatea da. 

Udalak 15.000 euro bideratuko ditu kanpaina horretara. Deskontu-bonuak eskatu ahala banatuko dira, denak agortu arte. Abenduaren 31ra bitartean ez badira bonu denak agortzen, Udalak beste kanpaina bat egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.