"Jendeak oso ondo onartu gaitu"

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 15a, 10:35

Sandra Bustos eta Estibaliz Soto farmazian, atzo.

Estibaliz Soto Iglesias (Ermua, 1983, baina Durangon bizi da) da Errekaldeko farmaziako farmazialari berria. Sandra Pelaez Bustos (Zaldibar, 1995) lizentziadunarekin batera ari da bertan zerbitzua ematen urriaren 1az geroztik, Blanca Antolinek erretiroa hartu ondoren. 

Lehenago ere zuek biek elkarrekin egiten zenuten lan?
Ez, nik ikasketak bukatu nituenean, 9 urtez Matienan lan egin nuen. Gero umea izan nuen eta joan ginen Zaragozara eta han erosi genuen farmazia bat. Hiru urtez egon ginen hau. Gero Soraluzeko aukera agertu zen eta etorri egin ginen. 

Zaragozatik etorri zarete, hortaz?
Guk nahi genuena zen hemen izatea farmazia. Joan ginen hara inbertsio modura, gero hona bueltatzeko asmoarekin.

Zelan Soraluzen?
Oso ondo, oso pozik. Benetan. Jendea oso jatorra da. Oso ondo onartu gaitu. Beldur apur bat banuen, ze Blancari jendeak estimu handia zion eta listoia oso altu zegoen. Baina oraingoz, oso pozik.

Bi lizentziadun izango zarete hemen, eh?
Bai. Sandrak praktikak Abadiñon egin ditu eta hiru hilabetez han egin du lan. Nik lizentziaduna hartu nahi nuen, irten beharra-eta baldin badut, lasai joateko. Adibidez, egoitzara joan behar naizenean…

Zerbitzuari dagokionez, egin duzue aldaketaren bat?

"Nahi dugu ikusi ea jendea etortzen den ala ez eta gero ortopedia, dietak edo zerbitzu berriren bat eskaini, whatsapp bidezko zerbitzua ere ipiniko dugu"

Momentuz, ez. Nahi dugu ikusi ea jendea etortzen den ala ez eta gero ortopedia, dietak edo zerbitzu berriren bat eskaini.

Ah, bai?
Bai, zerbait aldatu beharra dago, jendeak ikusteko aldaketa. Momentuz gurutzea eta fatxada apru bat aldatu egingo dugu. Argi gehiago ipiniko dugu eta gurutzea handitu. Eta whatsapp bidezko zerbitzua ere ipiniko dugu.

Hemen ere bai?
Bai. Horrela denondako hobeto. Jendea datorrenean gauzak prest izango ditugu. 

Besterik nahi baduzu izan?
Edozer gauzatan laguntzeko prest gaude. Eta edozertarako zabalik. Adibidez, norbaitek proposamenen bat egin nahi badu, pozik entzungo dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.