Esleitu dituzte kalistenia parkea eraikitzeko obrak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 15a, 09:01

Gazteak kirola egiten, kalistenia parke batean. Argazkia: Agapito Industries.

Soraluzeko Udalak adjudikatu ditu Txurrukenen kalistenia parkea eraikitzeko obrak. 17.460 euroko aurrekontua izango dute eta Agapito Urban Industries S.L. enpresak egingo ditu lanak. Bestak beste, bederatzi zutoin dituen Street Workout-eko elementuak izango ditu, gimnasia egiteko elementu anitzekin. Horrez gainera, parkean dauden jarlekuak zaharberritu egingo dituzte.

Guztira, 90,23 metro koadro hartuko ditu Txurrukenen egokituko duten kalistenia parkeak. Kautxuzko zorua izango du eta haren bueltan, honako elementuak: horma-barrak, barra bertikala, uztaiak, eskalatzekoa, sigi-saga egitekoa, brakiatzailea, dantza-barra, kristo eta dominatuak, bi barra finko, moxal bikoitza eta abdominalak egiteko bankua.

17.406 euroko aurrekontuarekin, Agapito Urban Industries S.L. enpresak egingo ditu lanak. Oraingoz, lanak egiteko epea zehazteke dago, nahiz eta asmoa laster hastea den.

Jarlekuak berritu eta bat aldatu

Horrez aparte, Txurrukeneko parkean dauden jarlekuak garbitu, lixatu eta margotu egingo dituzte. Kasu honetan, Manu arotzak egingo ditu zaharberritze lanak, 1.633,50 euroan. Era berean, jarleku bat aldatu eta berria ipiniko dute eta hori kalistenia parkea eraikiko duen enpresa berberak egingo du.  

Kalistenia gazteen artean geroago eta arrakasta handiago duen kirol jarduera da. Aire librean egiten da eta norbere gorputzaren pisua oinarri duten ariketak egiten dira. Street Workout edo parkour mugimenduak erabiltzen dira kalistenian eta muskuluak zein sistema kardiobaskularra garatzen dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.