Jokin Oregi: “Obra da jendeak barre egiteko sendo”

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 13a, 17:03

Jokin Oregi Ez dok Ero obrako Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreekin. / Artxiboa.

Barikuan, Jokin Oregi soraluzetarrak zuzendutako Ez dok Ero antzezlana taularatuko dute Herriko Antzokian. Oregik berak azpimarratu duenez, “jendeak oso-oso ondo pasatuko du” hura ikusten. “Gure buruaz barre egitea oso inportantea da eta obra horretan hori egiten dugu, gure buruaz barre”, gaineratu du. 20:00etan da hitzordua, Herriko Antzokian.

Zelako antzezlana da Ez dok Ero?

Jendeak oso-oso ondo pasatuko du. Obra da jendeak barre egiteko sendo. Plaza askotan egon gara eta leku guztietan oso ondo pasatu dute. Donostian ere bai, nahiz eta haiekin lotutako zuzeneko esketxak izan. Horrek esan nahi du umore oneko gaudela. Gure buruaz barre egitea oso inportantea da eta obra horretan hori egiten dugu, gure buruaz barre. Azken boladan, gainera, jendeak ez dauka norbere burua kritikatzeko inolako asmorik, hobe gainontzekoen lepotik ibili, baina norbera ere kontuan hartu behar da.

Plazentziatarren umorearekin badu zerikusirik?

"Obran, euskaldunon eta euren tradizioekin eta sineskerekin eta mito kulturalekin jolas egiten da, inor mintzeke"

Plazentziarrekin lotura handia du. Gure etxean, iñurrietatarrenean zein oregitarrenean, baina batez ere, iñurrietarrenean gure buruaz barre egiteko gaitasuna badago. Gure buruaz barre egiteko gaitasuna oso inportantea da, oso osasuntsua. Obran, euskaldunon eta euren tradizioekin eta sineskerekin eta mito kulturalekin jolas egiten da. Beti ere, errespetutik, inor mintzeke. Jendeak segituan ikusten du gure buruaz egiten dugula barre. Auto-fikziotik ere badauka. Mikelek (Martinez) eta Patxok (Telleria) osatzen duten fikzio artistikotik tira egiten da, beti da fikzioa baina badago zeozer eurengandik jasoa ere eta horrek ere ematen dio beste sakontasun bat.

Euskal literaturari-eta erreferentziak egiten zaizkio obran; halakoetan jantzita egon beharra dago Ez dok Ero ulertzeko?

Ez, ez. Literaturari eta idazleei erreferentziak, Sarrionandiaren erreferentziak egiten dira, baina umoretik, azaletik. Keinua egiten zaio, baita ere, Cervantesi, On Kixote eta Pantxo Panza ibiliko baitira Euskal Herrian barrena, antzerki eraldatzailea egin nahi horretan. Eta joango dira porrotetik porrotera. Azkenean hori da egoera, porrot monumental baten barruan gaudela.

Zer esango zenieke herrikideei?

Barre sendo egitea nahi badute eta gustura, aukera ederra dute. Pandemiatik ateratzen ari garela-edo ospatzeko.

 

Hiru sarrera bikoitz zozketan

Oharra: antzezlanera joateko 3 sarrera bikoitz zozkatuko ditu Plaentxia.eus atariak, Soraluzeko Udalak oparituta. Zozketan parte har daiteke hemen klikatuta. Edo menuaren goiko barran zozketen atalera zuzenean joz.