Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “asmoa da lehenik birziklapen ohituren inguruko jarraipena eta Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra azalera handiko saltokietan aplikatzea, eragin handiena dutenak direlako eta datozen urteetan azalera ertain eta txikiko saltokietara zabaltzea.”
Azalera handiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtuko du Mankomunitateak, hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko.
Horretarako, hiru bisita egingo dira eskualdeko azalera handiko saltoki guztietara. Lehen bisitan egitasmoa azalduko da, eta hurrengoetan birziklapen ohituren jarraipena egingo da.
Baliabideak eta erraztasunak
Urriaren 13an hasiko dira saltokietara bisitak eta San Andres inguruan egingo dute azkena. Mankomunitateak eskuorriak prestatu ditu saltokiei egitasmoa azaltzeko eta informazio guztia helarazteko. Halaber, azalera handiko saltokien ezaugarriak identifikatu ditu eta erabaki du, gaikako bilketa hobetzeko asmoz eta hondakin organikoak banatuta jasotzeko, azalera handiko saltokiei edukiontziak eta poltsa konpostagarriak doan ematea.
Saltokien beharren arabera, tamaina desberdinetako kuboak ahalbidetuko zaizkie. Bestalde, organikoaren edukiontziak jasotzeko moduan ere erraztasunak emango zaizkie. Edukiontziak gertuen dagoen bilketa-puntura eraman ordez, saltokiaren kanpoan utzi ahal izango dituzte hemendik aurrera eta Mankomunitateko langileek bertan jasoko dituzte.
Jarraipena
Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra emango die Mankomunitateak hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei, ingurumenarekiko duten errespetua berresten duen ziurtagiri gisa, eta aitortza publikoa egingo zaie. Azken bisitaren ondoren, ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko da Mankomunitatearen webgunean, eta saltoki bakoitzari sarrerako erakuslehioan ipintzeko pegatina bat emango zaio. Ondoren, periodikoki saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo da, egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko.
"Garrantzia handiko kanpaina da, azalera handiko saltokiak hondakinen sortzaile handiak direlako eta eragin handia dutelako gaikako bilketan", azpimarratu du mankomunitateko Ingurumen teknikari Igor Aldalurrek.