Soraluzeko musika eskolakoen eta Guatemalakoen kontzertua, streaming bidez

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 8a, 11:43

Eguazten gauean, Soraluzeko Musika Eskolak bideokonferentzia egin zuen Guatemalako El Recuerdo kooperatibarekin. Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak bultzatutako sentsibilizazio kanpainaren baitan, pare bat pieza jo zituzten musika eskolako hainbat irakaslek eta ikaslek. Gauza bera egin zuten Guatemalakoek ere. 

Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak 2011n hasi ziren Guatemalako El Recuerdo Kooperatibarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kolaboratzen, hainbat ekimen gauzatuz.

Aurten, indarkeria matxista desagerrarazteko eta Guatemalako Maya, Poqomam eta Xincako hizkuntzak berreskuratzeko hainbat programa garatzen ari dira. Eta horien baitan sentsibilizazio-kanpaina batzuk egiten ari dira Gipuzkoan, Deba zeharkatzen duten herrietan, batik bat. 

Hitzaldiak ematen dituzte, filmak proiektatu eta azkenaldian, bideokonferentziak eta streaming bidezko kontzertuak egiten ari dira Guatemala eta Gipuzkoa artean aldi berean, musika-eskolen, abeslari profesionalen eta Gipuzkoako udalen laguntzarekin. 

Soraluzetarrak aste honetan

Eguazten iluntzean, Soraluzeko Musika Eskolako musikariek parte hartu zuten ekimenean. Eskolako hainbat musikari gizonek eta emakumezkoek, irakasleek zein ikasleek bi pieza interpretatu zituzten pantailaren bestaldean entzuten zeuden guatemaldarren aurrean.

Musikari izan ziren honako hauek: Nagore Caballero pianoan, Haizea Makinai gitarrarekin eta Jon Lopez biolinarekin, Arhats Rekondo maisuarekin batera. Taldekide izan ziren, baita ere,  Lorea de Castro musika eskolako lehendakaria eta Domentx Uzin zuzendaria.

Bergaran ere gauzatu dute ekimen bera.

Bideoan, Txoria txori kantua entzungai.