Etxebizitza libre gehiago eraikitzeko aukera, Olaldean

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 7a, 16:06
Olaldea, Leteren garajeak.

Olaldeako eremuan eraikitzea aurreikusitako 103 etxebizitzetatik ia erdia libreak izango dira. Hala onartu zuen atzo udalbatzarrak aho batez. Orain arte, 12-13 etxebizitza libre eraikitzea zegoen aurreikusita, baina Pascual Churrucaren orubean babestutako etxebizitzak eraiki behar direnez, Olaldean babestutako gutxiago eraikitzea onartu zuten, hartara, errazago izango delakoan promotore pribaturen bat erakartzea Olaldeako proiektua garatzeko.

Atzo, udalbatzarrak aldaketa puntuala egitea onartu zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, Olaldeako eremuarekin lotutakoa. Haren bitartez, eremu horretarako aurreikusita dagoen Plan Berezian, etxeak eraikitzeko egitasmoa aldatu egingo da, etxebizitzen kopuruari dagokionez.

Orain arteko planaren arabera, eremu horretan zeuden aurreikusita eraikitzea babes ofizialeko 45 etxebizitza, beste 45 etxebizitza tasatu eta 12-13 etxebizitza libre. 

29 etxebizitza libre gehiago

Orain, berriz, Pascual Churrucaren orubean babestutako 29 etxebizitza eraiki behar direla kontuan hartua, Olaldean babestutako 29 gutxiago eraikitzea eta aldiz, 29 libre gehiago eraikitzea da asmoa. Beraz, honakoak lirateke kopuruak: babestutako 16 etxebizitza, 45 etxebizitza tasatu eta 41-42 etxebizitza libre.  

Aldaketa horiek eginda, udal ordezkariek lortu nahi dutena da Olaldean etxebizitzak eraikitzeko egitasmoari erakargarritasun handiagoa ematea, promotore pribatuei begira. 

Aldaketa egitea onartu ondoren, orain arte Olaldearekin lotuta Soraluzeko Udalak eman dituen pausoak laburbildu zituen Iker Aldazabal alkateak, kronologikoki:

  • 2016an, aho batez onartu zen herriaren ordenazioa finkatuko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra.
  • 2018an, Olaldeako Plan Berezia onartu zen.
  • 2019an, Udalak Atxuri 21eko eraikina bota zuen. Plan orokorraren arabera, hor eraikiko da ibaiaren alde biak lotuko dituen oinezkoen pasarela berria, Errekaldeko zubia ordezkatuko duena. Batetik, hura ez delako irisgarria eta bestetik, presa efektua egiten duelako.
  • 2021eko urtarrilean, Udalak hitzarmena sinatu zuen Olaldeako lur-jabe batzuekin, han eraikiko duten igogailuaren proiektuari begira. Izan ere, aurreikuspena da Olaldea eta bidegorria lotzen dituen oraingo eskailera metalikoak igogailu batengatik ordezkatzea.
  • 2021eko apirilean, berriz, Udalak Leteren garajeak eskuratu ditu, 1.349 metro karratu, 10.000 euroan.
  • Azkenik, atzoko osokoan onartutako kreditu aldaketa baten bitartez, 35.000 euro bideratuko dira Udalak Santa Ana 32ko eraikina eros dezan. 

Alkateak honakoa gaineratu zuen: “Beraz, poliki-poliki Udala Olaldearen zati handi baten jabe egin da. Izan ere, Udala pausoak ematen ari da Olaldeako karga urbanistikoak arindu eta etorkizuneko plana garatzeko. Operazio urbanistiko zaila da, baina Udalak emandako pausoekin erraztu egin nahi du hura gauzatzea”. 

Ikerketa

Gaiarekin lotuta, Roke Akizu EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri zuen etxebizitza beharren gaineko “ikerketa serioa” eskatu zuela koalizio ezkertiarrak eta orain, hori egiteko konpromisoa adostu dutela alderdi guztien artean. Hala ere, konpromiso horrekiko erretizentzia erakutsi zuen, “lehenagotik” ere badutelako esperientzia bete ez diren konpromisoekiko, adibidez, etxebizitza hutsen bitartez lortutako errekargua ez erabiltzea etxebizitza politiketarako.

Patricia Borinaga sozialistak erantzun zion esanez konpromisoa onartu dutela eta dagoeneko mahai gainean dituztela mota horretako ikerketak egiten dituzten hainbat enpresa. Zinegotziak gaineratu zuenez, orain, gakoa izango da ahalik eta lasterren zehaztea zelako ikerketa egin nahi den, “urtea bukatu baino lehen egin nahi bada”.