Asfalto-lanak, kalistenia parkea, etxeak eraitsi eta bestelako lanak egingo dituzte

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 7a, 10:35

Santa Ana 2ko etxea botatzeko partida onartu zuten atzoko batzarrean.

Atzoko osoko bilkuran, kreditu aldaketak egitea onartu zuen udalbatzarrak, herrian hainbat obra eta jarduera egin ahal izateko. Adibidez, Gabolatsen, Santa Anan eta Erregetxean asfalto lanak egingo dituzte; Gabolatseko argindar lineak konponduko dituzte eta Txurrukenen kalistenia parke bat eraikiko dute (ariketa fisikoak egiteko). Halaber, Azaleatxo baserrirako eta haien ingurukoetara iristeko errepidea konponduko dute eta Santa Anako eta Errekaldeko eraikin bana bota egingo dituzte.

Udal Gobernuak (EAJ-PSE-EE) zein oposizioak (EHBildu) aho batez onartu zituzten proposatutako kreditu aldaketa guztiak. Horren bitartez, partida jakinak bideratuko dituzte herrian hainbat lan egin eta ekimen bideratzeko. 

Honakoak dira erabakitako kreditu aldaketak, partida handienetik txikienera ordenatuta:

  • 60.000 euro: Santa Ana 2ko etxebizitza (lehenago Belarrak saltokia zegoen eraikina) eta Errekalde 12ko eraikina eraisteko.
  • 53.000 euro: haur parkeak zaharberritzeko. Batetik, Txurruken kalearen hasieran dagoen parkea zaharberritu eta kalistenia parkea eraikiko dute. Bestetik, kiroldegi gainean hainbat jarleku ipiniko dituzte, gazteen eskaerak aintzat hartuta.
  • 46.000 euro: Gabolatsen, Santa Anan eta Erregetxean asfaltatze-lanak egiteko.
  • 35.000 euro: Santa Ana 32ko (Olaldea eremua) etxebizitza erosteko.
  • 20.000 euro: Itxaropena Nagusien Elkarteko komunak irisgarri egiteko.
  • 18.000 euro: Olaldeako planean egin behar den aldaketa puntualari dagokion lanen idazketarako.
  • 17:000 euro: Azaleatxo, Azalea, Madari, Mendizabal… baserrietarako bidea konpontzeko.
  • 15.000 euro: erosketa bonuen kanpainarako.
  • 15.000 euro: Gabolats-Baltegietako argiteria-lineak zaharberritzeko

Oposizioaren kritikak

Kreditu aldaketak aho batez onartu ziren arren, EHBilduko ordezkari Unai Larreategik azpimarratu zuen azken urteotan ari direla gauzak egiten soberakinetik tiraka, “zirkulu batean sartuta” dagoela Udala. 

Horrekin batera, gogora ekarri zuen onartuta dagoen paddle-skate gunerako estalkia ez dela gauzatuko oraingo kreditu aldaketekin, eta ez direla bukatuko Patriako diruekin hasitako asfalto-lanak (Arraikuatik aurrera).  

Alkatearen erantzuna

Azkenik, oposizioko bozeramaleak gogora ekarri zuen komun publiko berriak egiteko proposamena EHBilduk egin zuela iazko aurrekontuetan, nahiz eta orain EAJk proiektua berea balitz moduan iragarri etxez etxe banatu duen Goazen Soraluze esku-orrian. 

Iker Aldazabal alkateak erantzun zion, batetik, paddle-skate gunean estalkiaren proiektuarekin lotuta, Diputazioaren Kirol Sailaren dirulaguntzaren deialdiaren zain daudela. Bestetik, komun publikoei dagokienez, hurrengo Obra batzordeak aurkeztuko dituztela hainbat aurrekontu eta hirugarrenik, asfalto-lanak ez zirela bukatu, partida handituko balitz lanak lehiaketara atera beharko liratekeelako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.