Avanza Gipuzkoako lan batzordeak kontatu duenez, joan den urriaren 3an gertatu zen azken erasoa, Oñatin. Gidari bati hautsitako botila batekin mehatxu egin zioten, bultza egin zioten eta baita lapurretan ere. Ertzaintzari abisatu zioten baina erantzun zieten ezin zela patruilarik bertaratu. “Nire lankideak oso-oso txarto pasatu zuen”, esan du lan batzordeko kideak.
Gaineratu du oso arduratuta daudela asteburuari begira, izan ere, zapatu honetan gaueko zerbitzuak berreskuratuko dira, pandemian etenda egon direnak. Eta ez da eraso bat jasaten duten lehen aldia. Maiatzean, adibidez, Soraluzeko geltokian zegoen pertsona batek eraso egin zion Eibar-Gasteiz lineako gidari bati.
“Eskatzen dugun gauza bakarra da enpresak har ditzala gure integritate fisikoa babestuko duten neurriak. Hegazkin batera, adibidez, ez da edanda doan inor igotzen; autobusetara, bai. Guk uste dugu garraio publikoa, zerbitzu publikoa beharrezkoa dela, baina onartezina da baldintza horietan lan egitea”.
Lanuzteak, goizean eta arratsaldean
Egoera horren aurrean, enpresak ez badu bestelako neurririk hartzen, lanuzte mugagabeak egitea erabaki dute. Izango dira astelehenetan eta barikuetan, 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Lanuzteak Gipuzkoan, Bizkaian zein Araban izango dira, eta sektoreko arlo guztietako langileek egingo dituzte, leihatiletakoek, gidariek eta abarrek.
Gipuzkoako Foru Aldundiari ere dei egin diote gatazkari konponbidea eman diezaion, “azken batean lurraldeko autobus zerbitzuaren arduraduna bera baita”.