Amaitutzat eman dute osasun larrialdi egoera

Iñigo Urkullu lehendakaria prentsaurrekoan, gaur, martitzena. Argazkia: Euskadi.eus.

Gaur arratsaldean, osasun larrialdi egoera desaktibatzen duen dekretua onartu egin du LABIren Aholku Batzordeak. Honenbestez, bertan behera geldituko dira jardueren ordutegiak, edukiera eta egituraketa mugatzen zuten orain arteko neurriak. Hala ere, bi neurri murriztailek indarrean segituko dute. Adibidez, maskararen erabilerak. Dekretu berria eguenean sartuko da indarrean. 

LABIren Aholku Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du pandemiaren oraingo egoera bat datorrela “Bizi Berri Planaren 1. mailan ezarritako parametroekin”.

Bi salbuespen

Hori horrela, eguenean indarrean sartuko den dekretu berriaren bitartez, bertan behera geratuko dira orain arte indarrean zeuden neurri murriztaile nagusiak, hala nola, jardueren ordutegiak, edukiera eta egituraketa mugatzen zuten neurriak, bi salbuespenekin:

  • Batetik, eutsi egingo zaio Espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan %80-eko mugari.
  • Bestetik, indarrean jarraituko du barnealdeetan maskara erabili beharrak eta baita ere kanpoaldeetan, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean. (Testu osoa hemen irakurgai)

Aldaketaren "gakoa" txertoa

Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak zuhurtziarako deia ere egin du eta jakinarazi du “egoera egunez egun ebaluatzen eta aztertzen” jarraituko dutela, ezin baita “guztiz amaitutzat eman birusaren aurkako borroka”.

Lehendakariak gaineratu du egoeraren aldaketaren “gakoa" txertoa izan dela eta “Euskadik munduko herrialde aurreratuenen mailan" erantzun diola pandemiari. Hori dela-eta, eskerrona erakutsi nahi izan du: “Eskerrik asko euskal gizarteari, puntu honetara iritsi ahal izateko egindako ahaleginagatik”. 

Lehendakariak azpimarratu du orain “etapa berri bati” ekingo zaiola, “Euskadi suspertzeko” unea dela.

Aholku Batzordea desegin

Osasun larrialdi egoera amaitutzat emateaz batera, dekretu berria indarrean sartzen denean, desegin egingo da Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendaritzan eta koordinazioan Lehendakariari laguntzeko izendatutako Aholku Batzordea.