Barikuan, itzalaldi elektrikoa eta kazola-jotzea deitu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 4a, 17:44

Hainbat herritar pentsioen aldeko elkarretaratzean, gaur, urriaren 4an.

“Argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka” deitutako protestarekin bat egin du Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak. Deskonektatu elektriketatik! lelopean, barikuan, itzalaldi elektrikoa eta kazola jotzea deitu dituzte 22:00etatik 22:30era. Bestalde, nagusien egoitzetan bizitzen ari diren egoera ere salatu dute pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean.

Argindarraren prezioaren etengabeko igoera eta horren kontrako erantzunik eza salatu dute pentsioen aldeko gaurko elkarretaratzean: “Inork ez du iruzur horrekin amaitu nahi, Espainiako Estatuko alderdi nagusiak iruzur horren parte direlako. Zuen buruzagi historiko handi guztiak enpresa elektriko hroien guztien administrazio-kontseiluetan daudela ahaztu dezakegula uste duzue? Gutako bakoitzari dagokio elektrikoen iruzurrarekin amaitzea. Gure esku dago oligopolio elektrikoak geratzea".

Hori horrela, bat egin dute barikurako deitutako protestarekin eta soraluzetarrak ere gonbidatu dituzte 22:00etatik 22:30era deituta dagoen itzalaldi elektrikoarekin eta kazola-jotzearekin bat egitera. 

Barikuko protesta honako alderdiek deitu dute: Esquerra Republicanak, EHBilduk, BNGk, Junts-ek, CUP-ek, Més Per Mallorcak eta Més Menorcak. 

Astelehenean, jai

Bestalde, gaurko elkarretaratzean nagusien egoitzetako egoera ere salatu dute, pentsiodun “askoren azken bizilekua” huraxe izango dela azpimarratuz.

Azkenik, gogora ekarri dute datorren astelehenean, urriaren 12an ez dela elkarretaratzerik egongo, zubia baita lan-egutegian. 

50 bat herritarrek babestu du gaurko mobilizazioa.