Luis Gomez abadea badoa Soraluzetik

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 29a, 18:32

Luis Gomez abadea elizan, atzo, martitzena.

Urriaren 17an esango du Soraluzen bere azken meza Luis Gomez apaiz oñatiarrak. Herrian 19 urtez parroko lanak bete ondoren, Leintz ibarrera lekualdatuko dute. Haren lekuan, Jon Loiola apaiz elgoibartarra arduratuko da Soraluzeko parrokiaz.

Luis Gomez abadeak bukatu du Soraluzeko ibilbidea. Elizbarrutiak beste parrokia batera lekualdatuko du, Leintz Ibarrera, hau da, Aretxabaletara, Eskoriatzara eta Leintz-Gatzagara.

Meza biek batera

19 urtez Soraluzeko parroko izan dena urriaren 17an agurtuko da herriko komunitate katolikoaz eta herriko parrokian gertu-gertuan izan dituen laikoez eta lagunez. Eskerrona besterik ez du haiekiko, azpimarratu du guztien artean egin eta osatu dutela Soraluzeko parrokia eta ez berak bakarrik.

Urriaren 17an, domekan esango du azkeneko meza, 12:00etan, aurrerantzean, Soraluzeko parrokiaz arduratuko den Jon Loiola elgoibartarrarekin batera.

Gomezi, ibilbide luzea ez ezik, ibilbide esanguratsua egitea tokatu zaio Soraluzeko parrokian, besteak beste, elizaren zaharberritze-obrak (2006-2007) izan baititu tarteko.