Kejak eta eskarixak

Kontuz 'besarkada solidarioekin'

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 28a, 17:24

Udaltzaingotik ohartarazi dute atzo, astelehena, gizonezko bati lepoko katea lapurtu ziotela, “besarkada solidarioa” izeneko sistema baliatuta. Hori horrela, nagusiei adi ibiltzeko gomendioa helarazi nahi diete.

Udaltzaingotik emandako xehetasunen arabera, atzo eguerdian, Ezozibiden emakume gazte bat gizon nagusi bati gerturatu zitzaion. Aspaldiko ezaguna balitz moduan agurtu eta besarkatu egin zuen eta orduantxe lapurtu zion lepokoa. Besarkada solidarioa esaten zaio lapurreta mota horri. Gainera, emakumeak zain zuen beste lagun bat, automobil baten barruan.

Udaltzaingotik dioenez, hilabeteak dira Soraluzen halakorik gertatzen ez dela, baina badaezpada, nagusiei arretaz ibiltzeko gomendioa helarazi nahi diete, batez ere, gizon nagusiei eta batez ere, banketxetik irteten direnean edo atari barrura sartzera doazenean.