Erkidegoko eta Estatuko pentsiodunen mugimenduek pentsioen inguruko eskari bateratua adostu eta hura Bruselara eramateko martxa abiatu da gaur Bilbotik.
Zazpi puntutan, honako eskaerak helaraziko dituzte:
- 1- Pentsio publikoak, bidezkoak eta bizitzeko bestekoak blinda ditzatela, oraingo eta geroko belaunaldiendako oinarrizko eskubide modura.
- 2- Pentsio publikoen sistema publiko duina bermatzea, emakumeendako zein gizonezkoendako berdin.
- 3- Berma dezatela herrialde bakoitzeko gutxieneko pentsioa zein gutxieneko soldata izango dela herri horretako batez besteko soldataren %60. Halaber, pentsioak herrialdeko bakoitzaren KPIaren arabera eguneratuko direla bermatzea.
- 4- Europar Batasuneko herri guztietan eskari horiek asetzeko finantzazioa bermatzea eta mendekotasun egoera bizi dutenendako kalitatezko arreta zerbitzu zein osasun zerbitzu unibertsalak bermatzea.
- 5- Europako baliabideen banaketan lehentasuna ematea helburu horiek betetzeari.
- 6- Europako pentsio plan pribatuak sustatzen dituen araua indargabetzea.
- 7- Zerga-ihesarekin eta zerga-paradisuekin bukatzeko neurri eraginkorrak har ditzatela.
Bestalde, jakinarazi dute Erkidegoko zein Estatuko mugimenduek Estatuko presidente Sanchezekin elkartzeko egindako eskaerek ezezkoa jaso dutela eta iragarri dute erantzunak erantzun, kalean segitzeko asmoa dutela: “Kalean jarraitzea beste aukerarik ez dugu, gure aldarrikapen zuzen eta premiazkoak lortzeko, eta are indar handiagoz egingo dugu hori, datozen egun eta hilabeteetan. Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu!"
Barikuan, Nagusien Eguna
Ildo horretan, barikuan, Nagusien Nazioarteko Egunaren bueltan Eibarren egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. 12:00etan abiatuko da, Untzaga plazatik, honako leloarekin: Helduak borrokan bizitza duinaren alde.