2020ko Gabonetan, gaikako bilketa bultzatzeko helburuarekin, Gabonetako pertsonaiak protagonista zituen sentsibilizazio kanpaina egin zuen Debabarreneko Mankomunitateak.
Urteko garai horretan Gabonetan sortzen den hondakin kopurua nabarmen handitzen denez, egun berezi horietan ere hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uztearen beharra azpimarratu zuten, Gabonetan izan garbi izeneko kanpainaren bitartez.
Hemen klikatuta ikus daiteke kanpainaren adibide bat.
"Herritarren inplikazioa areagotzeko"
Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak eskerroneko berbak izan ditu sariarengatik eta “gaikako bilketa sustatzen” segitzeko asmoa erakutsi du: “Mankomunitatean oso eskertuta sentitzen gara sari honekin, eta harro Adaki agentziarekin elkarlanean egin dugun lanagatik. Gaikako bilketa sustatzen jarraituko dugu ekintza desberdinen bidez, horien artean sentsibilizazio kanpainak, sinisten dugulako ikusgarritasuna ematen dietela ingurumena zaintzeko beharrari, eta herritarren inplikazioa areagotzeko tresna direla”.
Mankomunitatetik gogora ekarri dute iaz gaikako bilketaren datuak hobetzeko ahaleginean, hainbat kanpaina egin zituela eta bide beretik segitzeko asmoa dutela. “ Urte eta erdian, eskualdeko gaikako bilketa ia %2 igo da, herritar eta gizarte eragile guztien inplikazioari esker. Hori horrela, aurten ere kanpaina berriak egingo dira bilakaera positiboari bultzada emateko. Kanpaina berrien helburua izango da Mankomunitatearen mezua gizarteko esparru guztietara zabaltzea, eskualdeko herritar guztien inplikazioa sustatzeko”.