Baserritarrak, artisauak eta Udaleko eta Debemeneko ordezkariak izan ziren Gaztañerre azokari buruzko batzarrean, atzo iluntzean, eguena. Udalak proposamen zehatza eraman zuen eta osoko bilkuren aretora bertaratu zirenek onartu egin zuten proposamena. Honakoa:
- Egoera hobetu dela-eta, Gaztañerre azoka egingo da.
- Bakarrik egongo dira baserritarrak, ganaduzaleak eta artisauak.
- Baserritarrak eta ganaduzaleak Erregetxean kokatuko dira eta artisauak Plaza Zaharreko karpan.
- Baserritarren produktuekin lotutako sariketa izango da.
- Baserritar nagusiei omenaldia egingo zaie.
- Ez da beste ezer egingo: ez dantza-saiorik, ez bertso-saiorik, ez baba-janik, baserritarren bazkaririk ezta ere, ez da pintxorik salduko, ezta talorik ere, ez da egongo sagardo lehiaketarik, ez da txosnarik izango eta ezta iluntzeko erromeriarik ere.
- Orain bi urteko erabakiari eutsita, Zubi Nagusian ez da kanpotik etorritako bestelako produktuen salmenta-posturik izango.
25. Gaztañerre Azoka
Aurtengo Gaztañerre azoka horrela egitea erabaki dute, Iker Aldazabal alkateak eta Ramon Gallastegi zinegotziak esplikatu zutenez, jende-pilatzeak saihesteko eta pandemiarekin lotutako segurtasun neurriak mantendu ahal izateko.
Formatu txikiko azoka izan arren, aurtengoak bi berezitasun ditu. Batetik, iazko etenaldiaren ondoren berreskuratu egingo dela eta bestetik, aurtengoa 25. Gaztañerre Azoka izango dela.
10:00etan hasiko da
Erabakia hartu ondoren, azokari buruzko bestelako xehetasunak landu zituzten. Adibidez, azokan parte hartzeko izen-ematea Debemenen egin behar dela ekarri zuten gogora (943 744067, Irune). Frontoiko aparkalekua libre egongo da azokan postua ipintzen dutenendako. Azoka 10:00etan hasiko da -ganaduzaleak 09:00etarako bertan izango dira-.