Gipuzkoako zazpi herritako abesbatzek hartuko dute parte Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak bultzatutako Kukubiku egitasmoan. Soraluzekoekin batera, Bergarako, Arrasateko, Oñatiko, Hernaniko, Andoiango (bi abesbatza) eta Donostiako umeek grabatuko dute euskal kantutegiko 10 kantuz osatutako CDa.
Ikasturte hasieratik, buru-belarri ari dira norbere abesbatzarekin kantuak entseatzen eta joan den asteburuan, guztiak elkartu ziren Tolosan, entsegu komunak egiteko. Izan ere, Kukubiku CDa urriaren 3an grabatuko dute, Donostian, Easo abesbatzaren egoitzan. Aitor Biain oñatiarra izango da grabaketako zuzendaria eta soinu-teknikaria, berriz, Juanan Ros.
Adinaren arabera, bi taldetan banatu dituzte ekimenean parte hartzen diharduten abeslari gazteak eta bakoitzak bosna kantu grabatuko dituzte. Talde batean 45 ume dira eta bestean, 55.
Azaroaren 30-31n aurkeztu
Kantuei dagokienez, guztiak dira euskal kantu tradizionalak, Kukubiku proiekturako bereziki arreglatu direnak. Junkal Guerrerok, Xabier Sarasolak, David Azurzak, Josu Elberdinek eta Eva Ugaldek egin dituzte konponketak eta eurek egingo dituzte bi taldeen zuzendari lanak.
Urrian CDa grabatu ondoren, haur kanten bilduma Tolosan aurkeztuko dute, azaroaren 30-31ko asteburuan, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan. Liburu formatua izango du Kukubikuk eta guztira, 20 kanta; 10 abesbatzek grabatutakoak eta beste 10 kanturen audioak.
Soraluzetarrak buru-belarri lanean
Soraluzetarrendako esperientzia berria da Kukubiku. Pozik daude orain artekoarekin.
Nagore Sanzek, musika eskolako haur abesbatzako zuzendariak kontatu du “Tolosan, oso ondo. Oso gustura” ibili zirela, nahiz eta lan handia egin: “Lau orduko entsegua izan zen, intentsua umeendako baina oso polit entzuten zuen. Parte hartzen ari diren ume kantariek maila ona erakutsi zuten. Partiturak ikasita edo erdi-ikasita, landuta eraman zituzten, baita soraluzetarrek ere; oraindik badago zer ikasia baina baina ya ondo entzuten zen. Bestalde, soraluzetarrentzat aukera da talde handi baten abesteko, zuzendari desberdinekin, puntakoekin… herrian ez dute aukera hori. Lana da eta baita konpromisoa ere, baina gero jakitea grabazio batean parte hartuko dutela eta euren kantua CD batean geratuko dela… esperientzia berria eta polita. Gainera, Soraluzekoak beste abesbatza batzuetakoekin batera elkartzean, ze maila dagoen ikusi dute eta konturatu dira eurak ere kapazak direla. Pozik, oso motibatuta daude”.