Banketxeek zerbitzua publikoa eman eta “jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko finantza-bitartekarien funtzioa” betetzen duten arren, salatu dute, gaur gaurkoz, kalte handiak ari direla eragiten, batik bat, adinekoei.
Horrez gain, beste honako salaketak ere egin dituzte:
- Zoru-klausulen ondorioz, oro har, ugaritu egin direla erabiltzaileei kobratzen zaizkien komisioak.
- Harreman pertsonala desagertu egin dela eta telefono bidezko aurretiazko hitzordua ezarri arren ez dela hori beti kontuan hartzen; “horregatik, eragiketak Interneten egin behar dira, 60 urtetik gorakoek oso gutxi ezagutzen duten tresna. Hori guztia, bitxia bada ere, zure dirua eskuratzeko”.
- COVID-19tik eratorritako neurriak: “bulegoen itxierarekin eta langileen murrizketarekin batera, ilara lotsagarriak sortzen dira bulegoetako ateetan, eta, berriz ere, adinekoak dira kaltetuenak, beren adinagatik eta osasunagatik eguraldi txarrarekiko sentikorragoak baitira”.
- Landa eremuan, EAEko 251 udalerrietatik 60k ez dutela banku-sukurtsalik, ezta kutxazainik ere, eta 30.000 pertsona beren etxebizitzatik 5 km baino gehiago lekualdatzera behartzen” dituztela dirua erabili ahal izateko.
Salaketak egiteaz batera, gogora ekarri dute Estatuak bankaren zati bat erreskatatu egin zuela, 22.424 milioi euro kostatuz eta horietatik bakarrik bueltatu direla 3.302 milioi euro. (Bankia)
Langabeziara, diru publikoen kontura
Jakinarazi dute BBVAk 2.725 kaleratze eta 210 eszedentzia bultzatuko dituela eta Caixa Bankek 6.452 langileren kontratuak bukatzeko akordio bat itxi zuela. Sabadell bankuak, berriz, lehen hiruhilekoan 1.800 langile baino gehiago atera ondoren, abuztuaren 30ean iragarri zuen plantilla-doikuntza berri bat egiteko asmoa zuela.
Halaber, salatu dute kaleratzeak diru-publikoarekin ordainduko direla, nahiz eta banketxeek irabaziak aitortu: BBVAk ia 2.000 milioi eurokoak; Caixa Bankek 4.181 milioi eurokoak eta Sabadellek 220 milioi eurokoak.