Goizaldeko hirurak arte luzatu ahal izango dira jarduerak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 17a, 16:28

Bihartik, leundu egingo dira pandemiari aurre egiteko hainbat neurri. Adibidez, ostalariek goizaldeko hirurak arte izan ditzakete establezimenduak zabalik. Horrez gainera, berriro ere zabaldu ahalko dira gaueko aisialdirako establezimenduak eta baita gazte lokalak ere. Bestalde, barruko edukiera handitu egingo da eta baita mahaietan egon ahal den lagun kopurua ere.

LABIren Aholku Batzordeak goizean egin duen bileraren ondoren iragarri dituzte neurri berriak.

Honakoak:

  • Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako itxiera-mugako ordutegia 03:00ak arte luzatzea.
  • Jardueretan, gehienez ere, %75eko edukiera.
  • Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan, gehienez ere 1.500 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 1.800 kanpoan. 3.000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietan, gehieneko edukiera ez da %40tik gorakoa izango, eta esparru irekietan, %60tik gorakoa.
  • Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetarako edukieraren %75 ezartzen da barnealdeetan. Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio. Barnealdeetan mahai bakoitzeko, asko jota, 8 lagun egon ahalko dira eta 12, berriz, terrazetan.
  • Joko- eta apustu-establezimenduek eta txoko eta elkarte gastronomikoek ostalaritza-sektorerako aurreikusitako baldintzen oso antzekoak bete beharko dituzte.
  • Lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak berriro ireki ahal izango dira 16 eta 29 urte bitartekoen txertaketak jarraibide osoaren % 85 gainditzen duen unetik aurrera.
  • Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak berriz ireki ahalko dira, honako arau hauen arabera: edukiera-muga barrualdeetan, edukieraren %50; debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Dantza-pista maskara batekin bakarrik erabili ahal izango da. Gainerako xedapenak ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkionak dira.
  • Museoen, erakusketa-aretoen, jolas-zentroen eta turismo-zentroen barruko aldeetako bisitetan, taldeak, asko jota, 20 lagunekoak izan daitezke.
  • Barne-instalazioetako kirol-jardueretan, taldeko, asko jota 16 lagun ibil daitezke.
  • Administrazio publikoek eta enpresek aurrez aurreko jardunera itzultzea erabaki ahal izango dute urrutiko lanari edo telelanari buruzko araudiak arautzen ez dituen lanpostu guztietan. Lan-eremu bakoitzaren tipologia eta baldintza bereziak kontuan hartu beharko dira, eta oinarrizko prebentzio-neurriak mantendu beharko dira, hala nola maskara erabiltzea eta aireztatzea, lan-osasuneko zerbitzuek adierazitakoaren arabera.

Neurriak bihar sartuko dira indarrean.

COVID-19 datuak

Bestalde, koronabirusaren intzidentziari dagokionez, gorabehera txikiak izan dira azken egunotan. Bi kasu berri detektatu dituzte, beraz, igo egin da apur bat intzidentzia-tasa metatua. Eskualdeko gainerako herri guztietan, berriz, behera egin dute datuek.

Hona hemen irailaren 10etik 16ra bitarteko datuak, herriz herri:

  • Eibar 21   145,59
  • Elgoibar  10    303,29
  • Mendaro   1      283,69
  • Deba   1     91,69
  • Mutriku 10     338,73
  • Soraluze  4    125,48
  • Debabarrena 47